Berriz urte berria
Jario bat da bizitza, baina gu jarioari mugarriak jartzen ahalegintzen gara. Horixe dira urteak, bizitza neurtzeko erabiltzen ditugun tresnak. Horregatik iruditzen zaigu urte batetik bestera salto bat gertatzen dela, egun batetik bestera funtsezko zerbait aldatzen dela, urtarrilaren lehenean iraganik gabeko orri zuri bat eskaintzen zaigula. Urte berri, bizitza berri. Fikzioa da, baina sinesten duenaren plantak egiten ditugu.
Gero, urtea bukatutakoan, izen bat jartzen diogu, memorian behar bezala sailkatua eta finkatua gera dadin. Ezkondu nintzen urtea, lehen haurra izan nuen urtea, lanean hasi nintzen urtea. Nork bere izena jartzen dio, norbaitentzat aita galdu nuen urtea dena beste norbaitentzat etxe berrira etorri ginen urtea izango da.
2020. urtea, berriz, desberdina da. Pandemiaren urtea izango da gehienontzat. Izurritearekin zerikusia ez duten gauzak ere gertatu zaizkigu, norbait hil zaigu, norbait jaio zaigu. Baina urte honek gehienon adostasuna biltzen du eta gainerako gertakizunak azpitituluak izango dira, bigarren mailako izenak.
Noski, jakin badakigu pandemia ez dela urtearekin bukatu, baina horrek ez du joan den urtearen izena aldaraziko. Besterik ez bada ere, gaixotasunaren atal berrian sartuko gara, besteak beste txertoak hurbiltzen ari zaizkigulako. Pentsatu nahi dugu aurtengoa ez dela aurrekoa bezain iluna izango. Hori da gehienok urte berri honi ongietorria emateko orduan desiratu geniona.
Bidean ikasi dugu bizitzaren kontrola ez dagoela, soilik, gure esku. Egia esan, bagenekien hori lehendik ere, baina orain areagotu egin da ziurgabetasun hori, ia ziurgabekeria bilakatu arte.
Abiatu da ontzia lehorretik, badira 23 egun, eskura ditugu iparrorratza eta itsasbidea seinalatzen duten mapak eta eguraldiak eraso egingo badigu ere, badakigu nora heldu nahi dugun, beste urte baten bukaerara.