https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Berriatuako Cikautxo enpresak euskararen normalizazioan eragiteko egindako lana aitortu dute

Cikautxo enpresako langile batzuk./Kontseilua
Cikautxo enpresako langile batzuk. / Kontseilua

Kontseiluaren 'Euskaragiletu' programaren baitan, hainbat enpresak bisita egin diote «enpresaren esperientziaz mamitzeko» asmotan

AMALIA IBARGUTXI

Cikautxo enpresa bizkaitarrak euskararen normalizazioan eragiteko egindako lana aitortu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, «tantaka-tankaka euskalduntze prozesuan emandako aurrerapausoengatik».

Euskararen normalizazioan urratsak egin nahi dituzten enpresa askok bisitatu dute enpresa hau. Hainbat aplikaziotarako kautxuzko eta plastikozko osagaiak garatzen eta ekoizten dituen Mondragon Korporazioaren baitako enpresa da. Besteak beste, Fagor Industrialek, Goimekek, OBE Hettichek, Danobatek eta Ekinek egin diote bisita.

Euskaragiletu programaren baitan egin diete bisita, «dagoeneko euskalduntze-prozesu aurreratuak dituzten enpresen eta euskararen normalizazio-prozesuan urte luzez murgildutako enpresen esperientziaz mamitzeko» bertaratutakoak. Berriatuko Cikautxo Kontseiluak bisitatu duen lehen enpresa izan da.

Hasteko, empresa bera eta lan ildo nagusiak erakutsi dituzte bertako ordezkariek. Enpresako hizkuntza politiken berri eman dute eta euskararen normalizazioan lan egiteko metodologia nahiz emandako pausoak azaldu dituzte. Euskara-planaren bilakaera aurkeztu dute eta bertatik ateratako onura zein balio erantsiak ere azaldu dituzte.

Aurkezpenaren ondoren, eztabaidarako tartea zabaldu dute, zalantzak azaldu, galderak egin eta beraien esperientziak partekatzeko. Solasaldia «onuragarria eta baliagarria» izan dela adierazi dute parte-hartzaileek. «Emandako aurrerapausoak» bertatik bertara ezagutu ahal izatea «aberasgarria» izan dela nabarmendu dute.

Bi bisita mota

Arlo sozioekonomikoaren euskalduntzean jauzia emateko «bizi dugun abagune aproposagatik» sortu du Kontseiluak 'Euskaragiletu' egitasmoa, dagoeneko euskalduntze-prozesu aurreratuak dituzten enpresen esperientzia ezagutarazi eta euskara plana hobetzeko edo sortzeko asmoa duten enpresei edo euskalduntzean zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko. 'Euskaragileak' diren Cikautxoren tankerako enpresetara bisitak baliatuta egingo dute lan hori.

Enpresa motaren araberako bisitak izango dira, bi motakoak zehatzago. A multzokoak, euskara plana badutenentzat, eta B multzokoak planik ez dutenentzat. Euskara-plana duten enpresek beste enpresa batzuk ezagutuko dituzte esperientzia trukaketa egin ahal izateko. Euskara-planik ez dutenek euskaragileen normalizazio-prozesuaren etekinak ezagutuko dituzte, nahi izanez gero, prozesu horri ekiteko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos