https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Berogailu kontsumoa etxebizitzaka neurtzeak gastua %20raino aurreztea ekar dezake

Berogailu kontsumoa etxebizitzaka neurtzeak gastua %20raino aurreztea ekar dezake
AP

Ondorioa ikerketa bat egin ondoren atera da

EL CORREO

Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI ikerketa taldeak zehazki aztertu du zer ohitura aldaketa eragin dituen Bilboko bizilagun komunitate batean berogailua eta etxeko ur beroa banaka erabili eta kobratzeak. Ondorioztatutakoa nahiko interesgarria da: gastua %20eraino aurreztea eragin dezake, Europako iparraldean egin izan diren azterketetan jasotakoaren antzera.

Berogailua eta etxeko ur beroa banaka erabiltzea eta kobratzea derrigorrez bete beharreko neurria izango da gaur egun prestatzen ari diren errege dekretua onartzen denean, EHUk jakinarazi duenez.

Berogailuaren eta ur beroaren kontsumoa banaka kontabilizatu eta kobratzearen gaia garapen maila desberdinetan dago Europako herrialde batzuetan eta besteetan. Energia eraginkortasunari buruzko 2012/27/UE Zuzentaraua 2012an argitaratu zen, eta estatu kide guztiak behartzen zituen horrelako sistemak ezartzera.

Zuzentarauak 2016ko muga jarri bazuen ere, estatuek zuzentarauaren transposizioa egin zezaten beren barne araudira, gaur egun «oraindik hemen ez da egin». «Une honetan dekretu proiektu bat dago zuzentarauaren transposizioa egiteko, baina ez dago onartuta», azaldu du Jon Terés EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ENEDI ikerketa taldeko kide eta ikerketaren egileetako batek.

Indarrean dagoen araudiak oraindik horretara behartzen ez badu ere, «instalazio eta mantentze lanetako enpresak edota finka administratzaileak saiatu dira indibidualizazioa sustatzen instalazio zentralizatua duten komunitateetan, hau da, berokuntzako eta etxeko ur beroko sistema bakar batekin eta dagokien kasuetan, hozte sistema bakarrarekin, bukaerako erabiltzaile bat baino gehiago hornitzen dituzten komunitateetan».

«Hori dela eta, gero eta bizilagun komunitate gehiagok egiten dute indibidualizazioaren alde, baina, hala ere, 1998. urtea baino lehen eraikitako eta instalazio zentralizatuz hornitutako eraikin gehien-gehienek ez dute horrelako sistemarik», adierazi du.

140 etxebizitza

ENEDI ikerketa taldeak azterketa xehea egin du Bilboko 140 etxebizitza inguruko bloke batean, berogailuaren eta ur beroaren kontsumoa banaka kontabilizatu eta kobratzeak gastua zenbateraino aurreztea eragiten duen ikusteko. Ikertzaileak azaldu duenez, ikerketaren helburua izan da «ezagutzea zenbateraino aurrez daitekeen energia klima epeletan neurri horri esker».

«Halako ikerketa gehienak Europako iparraldean egin izan dira, eta neguan askoz baldintza klimatiko gogorragoak daude bertan. Ikusi nahi genuen zer mailataraino estrapola daitezkeen ikerketa haietako emaitzak gure klimara, neguak askoz leunagoak baitira hemen», esan du.

Horrela, indibidualizazioa egin aurreko bi urteetan komunitateak izan zuen gasolio kontsumoa eta egin ondorengo bi urteetan izandakoa alderatu dituzte ikerketan. «Emaitzek erakutsi dute %20raino aurreztu zela energia aztertutako eraikinean kontuan hartutako epealdian. Europako iparraldean egindako ikerketei buruzko argitalpenetan ikusitako ehunekoen oso antzekoak dira. Gainera, aztergai izan dugun kasuan, inbertsioak hamar urteko itzulera epea du. Arrazoizkoa da halako sistemetarako», zehaztu du.

Malgutasuna

Kontsumoaren indibidualizazioak ekartzen duen desberdintasun nagusiena da berokuntza sistema malgutasunez erabil eta etxebizitza bakoitzaren beharretara egoki daitekeela. Halaber, erabiltzaileek kontsumitutakoaren arabera ordaintzen dutenez, kontzientzia handiagoa hartzen dute berogailuaren eta etxeko ur beroaren erabileraz. Oro har, jabetze horrek etxebizitzetan kontsumoa jaistea ekartzen du.

Kontsumoa indibidualizatuta ez duten komunitateetan, ordea, «bizilagunek, askotan, ezin dute sistema ireki edo itxi ere egin, eta berogailua komunitateak erabakitakoaren arabera aritzen da, egutegi eta ordutegi irizpide batzuei jarraituz, tarte horietan etxebizitzetan bizilagunak egon edo ez, edo nork bere etxerako nahi duen tenperatura edozein izanda ere». «Neguan leihoak irekita ikusi ohi dira berogailua martxan dagoela», gaineratu du.

Gainera, berogailuaren gastua banatzeko erabiltzen diren irizpideek ez dute inolako zerikusirik bizilagun bakoitzak kontsumitzen duenarekin, eta, esate baterako, etxebizitzen azaleraren arabera egiten da.

Emaitza horiek ikusita, ENEDIko ikertzailearen iritziz, egindako azterketa «abiapuntu interesgarria da klima epeletan halako analisiak egiteko». «Orain banaka ari gara aztertzen bizilagunen kontsumoak, batzuek besteek baino askoz gehiago aurrezten dute eta, eta etxebizitza bloke gehiagotan egin beharko genuke azterketa hori bera, eta agian denbora tarte luzeagoak kontuan hartuta, emaitzak estrapolatu eta orokor bihurtu ahal izateko», azaldu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos