https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

#Bermeotunaminbiziarenaurka kanpainak 3.000 euro eman dizkio Minbiziaren aurkako Bizkaiko Elkarteari

Arduradunak, kanpainia martxan jarri dutela ospatzen./Irekia
Arduradunak, kanpainia martxan jarri dutela ospatzen. / Irekia

Kanpaina maiatzaren 9tik 20ra arte egin zen, eta atuna jaten argazkia atera eta sare sozialetara igo behar zen

EL CORREO

Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak Bermeoko Arrain Azoka elkartearen laguntzarekin antolaturiko #Bermeotunaminbiziarenaurka elkartasun kanpainaren bidez bildutako 3.000 euroko txekea jaso zuen asteazkenean Minbiziaren aurkako Bizkaiko Elkarteak, CIC Biogune-Ciberehd zentroa gibelaren minbizia nola garatzen den egiten ari den ikerketa finantzatzeko. Kanpaina maiatzaren 9tik 20ra arte egin zen, eta atuna jaten argazkia atera eta sare sozialetara igo behar zen.

Bermeoko Arrantzaleen museoan egindako ekitaldian egon ziren Leire Egiarte BTWCeko dinamizatzailea, Idurre Bideguren Bermeoko jarduneko alkatea eta Arrain Azoka elkarteko presidentea, Jose Ramon Bustillo eta Gabriel Maria Otalora Minbiziaren aurkako Bizkaiko Elkarteko presidentea eta gerentea, hurrenez hurren, eta Malu Martinez Chantar CIC bioGUNEko Liver Disease laborategiko zuzendaria.

Guztiak «pozik» agertu ziren kanpainaren emaitzarekin, pertsona asko eta asko izan baitira atuna jaten argazkia sare sozialetara igo dituztenak #Bermeotunaminbiziarenaurka edo #Bermeotunacontraelcáncer traolekin, «eta horrela minbiziari aurre egiteko ikerketaren aldeko euren konpromisoa agertu dute».

Kanpainan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkiete, «atuna jaten argazkia atera duten pertsona guztien inplikazioa eta parte hartzea ezinbestekoa izan delako kanpaina solidario honek izan duen arrakasta izateko».

Orain, kanpainaren bidez lortutako 3.000 euroak CIC Biogunek gibeleko minbiziaren prebentzioa eta tratamendua aztertuko dituen ikerketara zuzenduko dira. Proiektu hori Maria Luz Martinez Chantar doktorearen laborategian garatuko da, Bizkaiko CIC Biogune ikerketa zentroan.