https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Bermeoko bonoa' jarri dute martxan, udalerriko merkataritza sustatzeko

Bermeoko portua./
Bermeoko portua.

Ekimenean herriko 94 dendak hartuko dute parte

UNAI SARRIUGARTE

'Bermeoko bonoa' jarri du abian Bermeoko Udalak, udalerriko merkataritza sustatzeko asmoz. Kanpaina maiatzaren 25era arte egongo da martxan eta bertan 94 saltokik hartuko dute parte. Bono bakoitzaren prezioa hamar eurokoa izango da.

Kanpainaren aurkezpena pasan den astelehenean, maiatzaren 6an, izan zen Bermeon. Horren berri eman zuten Nerea Mintegi Behargintzako zuzendariak, Ainhoa Barrena Behargintzako teknikariak eta programan parte hartuko duten herriko saltokietako zenbait ordezkarik.

'Bermeoko Bonoa' martxan jartzen den bigarren urtea izango da hau. Izan ere, iaz bizi izan zuten esperientzia ederra kontuan hartuta, aurten ere errepikatzea erabaki dute. Ekimen honen helburua herriko enpresa txiki eta ertainetan kontsumoa suspertzea izango da.

Kanpaina honetan udalerriko hamar langile baino gutxiagoko saltoki eta dendak parte hartu ahal izango dute. Aipatu dugunez, Berton eta Berazel elkarteekin elkarlanean burutako ekimenean 94 dendak hartuko dute parte.

Bestalde, bono bakoitzaren prezioa hamar eurokoa izango da. Bere gastu ahalmena, berriz, 15 eurokoa. Erosketa bakoitzeko bi bono erabili ahal izango dira eta edonola ere, bonoen ordez ezin izango da dirurik bueltatu kontsumitzaileari. Bonoak eskuragarri daude BBKko kutxazainetan eta hemen sakatuz.

Interneten bidez erositako bonoak paperean edota formatu digitalean erabili ahal izango dira. Kutxabankeko bezeroek ez dute gain-kosturik izango, gainerakoek, ordea, 60 zentimo ordaindu beharko dituzte bono bakoitzeko. Bono hauek eskuratzeko epea maiatzaren 25 ean itxiko da.

Aurtengo kanpaina honetan mota guztietako saltoki eta dendek hartuko dute parte: ile-apaindegiek, estetika zentroek, arropa eta oinetako dendek, lentzeriek, bitxi-dendek, farmaziek (errezeta gabeko produktuak saltzeko), produktu freskoen dendek, etab.