https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bermeoko Arrain Azokako Hegaluze Sarirako hautagaia izan nahi? Proposamena aurkeztu ezazu

Bermeoko Arrain Azokako Hegaluze Sarirako hautagaia izan nahi? Proposamena aurkeztu ezazu

Lehiaketaren XXIII. edizioan proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 5era arte egongo da zabalik

EL CORREO

Bermeoko Arrain Azokako XXIII. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 5era arte egongo da zabalik, Bermeoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenaren arabera. Bizkaiko herriaren izena zabaldu eta goratu duen edo herriaren aldeko ekimen puntual bat edo jarraipen profesional bat aitortzen du Itsuki irratiak Arrain Azoka Elkartearen babesarekin antolatzen duen Hegaluze Sariak.

Sari hau pertsona, erakunde, elkarte, entitate edo proiektu bati ematen zaio, eta arlo guztietako ekintza motak saritu daitezke, besteak beste, kirola, enpresa, kultura, gizartea edota ekonomia. Irabazlea epaimahai batek aukeratuko du, eta saria maiatzaren 17an emango da, XXV. Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian.

Proposamenak egin nahi dutenek orri baten azaldu beharko dute aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten. Datuok aurkezteko hainbat bide egongo dira: hegaluze@itsuki-irratia.net edota turismoa@bermeo.eus helbide elektronikoak, Itsuki irratiko egoitza eta Bermeoko Udal Turismo Bulegoan.

Joan den urteko edizioan Bermeoko atun ontzi izozkailuen enpresek jaso zuten Hegaluze Saria, 2017an Eleizalde ikastolak, 2016an Frai Albertok, 2015ean Serrats kontserba enpresak, 2014an Juan Antonio Apraiz 'Coyote'-k eta 2013an Bermeoko Herri Babesak. Bermeoko eta Izaro Abesbatzak (2012), Bermeoko Santa Veracruz Kofradiak (2011), Jabi Elortegik (2010), Bingen Fernandezek (2009) eta Ilaski Serranok (2008) ere jaso dute Hegaluze Saria.

Bermeoko Arrain Azoka elkarteak herritarrak euren proposamenak bidaltzera animatu ditu, «guztion artean Arrain azoka egiteko». Aurten Bermeoko Arrain Azoka maiatzaren 17, 18 eta 19an egingo da eta herriko produktu eta kulturaren erakusleiho izango da beste behin.

Temas

Euskera