https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bermeok datorren asteburuan galernaren 107. urteurrena omenduko du

Bermeok datorren asteburuan galernaren 107. urteurrena omenduko du

Urtemuga hau dela bide, hainbat jarduera ospatuko dituzte udalerrian

UNAI SARRIUGARTE

Bermeok datorren asteburuan galernaren 107. urteurrena omenduko du. Urtemuga hau dela bide, udalerriak egitarau oparoa aurkezten du datorren astebururako. Itsas Market Merkatua ospatuko dute bertan. Honez gain, itsas prozesioa eta lore eskaintza egingo dituzte.

Ekitaldiak abuztuaren 10ean, larunbata, hasiko dira. Itsas Market merkatuak egun horretan zabalduko ditu ateak Bermeoko Portuko Olatu kaian. Bertan bisitariek hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute: atun ronkeoa, Alkartasuna Dantza Taldearen ikuskizuna, «Magallanes Elkano espedizioko Bermeoko zazpiak» taldeari buruzko hitzaldia etab.

Abuztuaren 11n, igandea, Itsas Marketa 11:00etatik aurrera egongo da zabalik. Goizean Bermeoko enpresa txikien elkarteak antolatutako tailerrez disfrutatu ahal izango dute etxeko txikienek.

Abuztuaren 12an, berriz, galernaren 107. urteurrena betetzen den egunean, 1912ko galernaren gaineko hitzaldia eskainiko dute eta, ondoren, «Galerna, infernua itsasoan 1912-2012» izeneko luzemetraiaren proiekzioa emango dute. Hauxe euskaraz izango da eta gaztelaniako azpitituluak eramango ditu. Gainera, arratsaldeko 20:00etan Galerna musika taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du Bermeoko olatuko kaian.

Era berean, zorigaiztoko galerna hartan hildako 143 arrantzaleak omentzeko helburuarekin, iluntzean itsasontzi tradizionalak uretaratuko dira, eta gaueko 21:00etan itsasontzien prozesio isila egingo da Xixilirantz.

Gainera, ordu berean lehorrean dauden bermeotarrak Baztarretik Portuzaharrera jaitsiko dira Kankinkabara txistularien soinu hotsak girotuta eta bertan Serrat konpainiak kandelak banatuko ditu galernan euren bizia galdu zuten arrantzaleak gogorarazteko asmoarekin. 21:30etan, berriz, lore eskaintza egingo zaie itsasgizon hauei ekitaldi berezi batean. Ondoren, Izaro Abesbatzaren txanda izango da.

1912ko galernan Matxitxakoko lurmuturretik 45 milatara arrantzan zeuden 143 arrantzale hil ziren, itsasgizon hauek orotara bizkaitarrak ziren. 116 marinel bermeotarrak, eta gainontzekoak, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroakoak.

.