https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Berlin, egun txakurrak izateko hiririk aproposena

Berlin, egun txakurrak izateko hiririk aproposena

Hiri honetako hotelen %55a pet-friendly dira

UNAI SARRIUGARTE

Pasa den abuztuaren 26an Txakurren Nazioarteko Eguna izan zen. Hori dela bide, egun nazioarte mailan animalia hauek bizitzeko hiri aproposenetarikoa dena aztertuko dugu, Berlin.

Berlinek txakurrentzat oso aproposak diren hainbat berdegune eta laku aurkezten ditu. Egun nazioartean ezagun xamarrak dira Grunewald, Jungfernheide, Arkenberge edota Pichelswerder esparruak. Era berean, gorotzen gai polemikoari aurre egiteko, lege zorrotzak jarri dituzte abian. Txakurren jabe batek isun handia jaso dezake gainean gorotzak jasotzeko poltsarik gabe aurkitzen badute.

Bestalde, kaleko txakurrentzako nazioarteko lekurik aproposenetako bat ere Berlinen aurkitu dezakegu, Tierheim Berlin izenekoa. Alemaniako hiriburuan kaleko txakurrak adoptatzearen gaineko inplikazioa ikaragarria da. Aterpe honetan animalia hauentzako zerbitzu oso bereziak eskaintzen dira, zirkuetako edota legez kanpoko komertzioko animali erreskatatuentzako gunea esaterako.

Halaber, Berlinek garraio publiko guztietan edozein motatako txakurrak garraiatzeko aukera aurkezten du. Edonola ere, animalia hauen jabeek arau konkretu batzuk bete behar dituzte. Txakur guztiek lotuta joan behar dute eta tamaina konkretu bat gainditzen duten txakurrek muturrekoa eraman behar dute jantzita. Gainera, txartela ordaindu behar dute (prezioa murritzagoa da). Egitasmo honek berlindar guztiei egiten die mesede, animaliak batetik bestera ibili daitezkeelako autoa erabili beharrik gabe.

Gainera, nazioartean maskota gehien onartzen dituen hotel eskaintza aurkezten du. Berlinen hotelen %55 pet-friendly dira, baita bertako hainbat luxuzko hotel ere. Hotelez gain, taberna, jatetxe eta arropa denda gehienetan ongi etorriak dira txakurrak. Edonola ere, supermerkatu eta janari denda gehienetan kanpoan itxaron behar dute, eta baita zinema, museo ala haurtzaindegietan.