Borrar
Xabier Madariaga. EITB Media
Benetako sexu-orientazioaz harro, gaurko 'Ur handitan' saioan

Benetako sexu-orientazioaz harro, gaurko 'Ur handitan' saioan

Aste honetako protagonistek erakutsiko dute nola, helduarora iristean, beren barne-kateak hautsi zituzten eta beren benetako identitate eta orientazio sexuala publikoki aitortu zuten

Jan Echevarría

Jueves, 16 de enero 2025, 13:59

'Ur Handitan' saioak gai sozial sakonen errealitate eta ikuspuntu ezberdinak erakusten ditu, elkarrizketa pertsonalen bidez. Xabier Madariaga kazetariak aurkeztuta, publiko euskaldunaren erreferentziazko programetako bat bihurtu da, eta aste honetan bere protagonistek erakutsiko dute nola, helduarora iristean, beren barne-kateak hautsi zituzten eta beren benetako identitate eta orientazio sexuala publikoki aitortu zuten.

Saioaren arduradunek nabarmendu dutenez, hamarkada askotako sufrimendu, borroka eta sentsibilizazio kanpainei esker, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonenganako onarpena ia erabatekoa da Euskal Herrian. «Ibilbide luze horretan, ordea, badira oraindik baztertuak izateko beldurrez, urte luzez euren burua erreprimitu eta nortasuna ukatu dutenak. Bizitza heterosexuala eta zisnormatiboa eraman, baina azkenean, ausardiaz, euren burua askatzeko momentua iritsi zaie», diote.

Igor Ameztoi zarauztarrak urte luzez ukatu dio bere buruari homosexuala zela. Erreferente faltak eta beste arazo pertsonal batzuek asko zaildu zioten gizonak gustatzen zitzaizkiola aitortzea. Emaztea eta bi seme izan ostean, helduaroan, ordura arte eraikitako bizitza heteronormatiboa errotik aldatu zuen, herriko txutxu-mutxuei, homofobiari eta bere beldur propioei aurre eginez.

Igorren amak, Pili Mujikak, sorpresaz jaso zuen Igorren aitortza. Hala ere, hasieratik babestu zuen semea, bere sexu-orientazioa errespetatuz eta berdin berdin maitatuz. Igorren semeak ere, Peru Ameztoik, naturaltasunez bizi du bere aitak mutil laguna izatea, etxean bera haurra zenetik normalizatu baitituzte familia eredu eta sexu orientazio ezberdinak.

Hala ere, saiotik azpimarratu dute badaudela familiaren babesik izan ez duten LGTBIQ+ komunitateko kideak ere. Adibide gisa, Monika Zabalzak duela bi urte hasi zuen fisikoki emakume izateko trantsizioa, eta bere amak, Josefina Labargak, izan ezik, familiak baztertu egin du. Bere bizimodu zisnormatibo eta maskulinoa alde batera utzi duenetik, eta Monika bezala bizi denetik, inoiz baino zoriontsuagoa da, baina oztopo handiak gainditu behar izan ditu bidean.

Bestalde, Maitane de Anituak bere semeengatik eman du lesbiana dela esateko pausoa. Bikiak izan aurretik, ez zuen homosexuala zela onartzen, baina, ama izan denetik, eredu izan nahi du bere zazpi urteko semeentzat.

Hiruki Larroxa elkarteko aditua

Esan bezala, dena den, oraindik homofobia kasuak badaude, eta aniztasuna lortzeko pauso garrantzitsuak eman diren arren, oraindik lana badago. Horretaz hausnartuko du Jon Iturregi gazteak. Bere kasuan, unibertsitate garaian adierazi zion bere familiari homosexuala zela. Familiaren eta lagunen aldetik babes osoa izan duen arren, babes hori ez zaio gizarte osoaren aldetik iritsi. Aditu bezala, Hiruki Larroxa elkarteko Joseba Gabilondok gaia hobeto ulertzeko gakoak eskainiko ditu.

Beraz, Ur Handitan-en 'Adinarekin Harrotasuna' saioaz gozatu nahi baduzu, piztu telebista ostegun honetan, urtarrilaren 16an, 22.30ean, ETB1en.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Benetako sexu-orientazioaz harro, gaurko 'Ur handitan' saioan