Benetako pertsonaietan inspiratutako erraldoiak, San Inazioko liburutegian
'Txakolinaria' eta 'Txistularia' erraldoiez gozatzeaz gain, 'Erraldoi!… gure liburutegia' erakusketara hurbiltzen direnek Ondalan konpartsa osatzen duten gainontzeko irudiei buruzko informazioa jaso ahal izango dute apirilaren 28ra arte
Azken asteetan San Inazioko Udal Liburutegitik igaro bazara, ziur ez zaizula oharkabean pasatu bertan ikusgai dagoen jaietako erraldoien inguruko erakusketa. Bada, martxoaren 27an martxan jarritako 'Erraldoi!… gure liburutegia' ekimenak apirilaren 28ra bitarte iraungo du, eta gerturatzen direnek Ondalan konpartsaren 'Txakolinaria' eta 'Txistularia' erraldoiez gozatu ahal izango dute. Halaber, konpartsa osatzen duten erraldoiei buruzko informazioa eskainiko zaie, eta gai horri buruzko liburuak eta posterrak jarriko zaizkie eskura, liburutegi ezberdinetatik ekarrita.
Nahikoa da Bilboko auzoko liburutegiko ate ondoan gelditzea, bertatik igarotzen diren haurren artean erakusketak sortzen duen zirraraz jabetzeko. Izan ere, ate alboan dagoen hiru metro baino gehiagoko 'Txakolinaria' ikustean, haurrek gurasoei barrura sartzeko eskatzen diete egitura horrek pizten dien interesa dela eta. «Begira, begira!», entzuten da behin eta berriz.
Behin barruan, lana eginda dago, ez baitago erraldoi hauekiko interesa erakusten ez duen umerik, eta, orokorrean, erakusketa osoa ikusi nahi dute. Haien harridurarako, gainera, laster ohartuko dira ikusgai dauden bi erraldoiak iraganean inguruan bizi izan ziren benetako pertsonaietan inspiratuta daudela. Hain zuzen ere, «'Txakolinaria' Ibarrekolandan zegoen Arbolagaineko txakolindegian koka genezake», eta bera bezalako 'Esne saltzailea', 'Pelotaria', 'Mariñela', 'Alkatea' eta beste batzuk badaude, nahiz eta erakusketan horien inguruko informazioa eta irudiak baino ez zaikigun erakutsiko.
Desfilea musikaren erritmoan
Udal liburutegiak ekimen hau bultzatu du inguruko elkarte, ikastetxe eta taldeekin loturak sendotzeko, eta horregatik, erakusketarako aukeratutakoak Ondalan elkartearen 'gremioak' taldearen erraldoiak dira eta auzoarekin lotura berezia dute.
Kategoria horrez gain, elkartean, jakina, bestelako estrukturak dituzte, hala nola, 'Mitologikoak' ('Mari', Akerbeltz...) edo txikiagoak direnak ('Txistularia', adibidez, bi metro inguru neurtzen dituena), nerabeek maneiatu ahal izan ditzaten.
Hori esanda, aurreratu dezakegu erakusketaren azken egunean, apirilaren 28an (ostirala), konpartsako kideak San Inazioko Udal Liburutegira hurbilduko direla, arratsaldeko zazpietan musikaren erritmoan kalejira egiteko. Desfile horrek Elorrietaraino eramango gaitu, alaitasuna, folklorea eta modernitatea uztartzen dituzten erraldoi ezberdinekin batera.
Ondalan, 1996an martxan jarritako erraldoien konpartsa
Ondalan Erraldoien Konpartsak euskal folklorearekin lotutako eduki kulturala eskaini nahi du. Sektoreko konpartsarik ezagunenetako bat da, eta urte askotako esperientzia du Erraldoi eta Kilikien jai tradizioa eta gure kultura tradizionalaren beste adar batzuk indartzen. Zehazki, Deustuko konpartsa honetako kideek 1996an jarri zuten martxan, egun osoko jaia bultzatzeko, jaiak gaueko aisialdira bideratzen ari zirela uste baitzuten. Baina hasierako konpartsak beste helburu batzuk ere bazituen: garai hartako erraldoien egoera hobetzea eta erraldoi eta buruhandien jai-tradizioa suspertzea, eta konpartsa bera aurrera ateratzea.
Ikusi dugunez, asmatu egin zuten, gaur egun Euskal Herriko erraldoien munduan erreferente bihurtu baita. Horrela, Ondalanek «harrobiaren» aldeko apustua egiten jarraitzen du eta emanaldietan txikienek helduekin parte hartzeko aukera izaten dute. Ildo horretan, erraldoien bilera asko antolatu dituzte, besteak beste, Deustun bere 10. urteurrenean, Bilboko Aste Nagusietan, Bizkaiko herri askotan txandaka ospatzen den Erraldoien Egunetan... Eta Bizkaian zehar, euskararen aldeko hainbat ekitalditan ere parte hartu dute: Ibilaldia, Korrika, 12 ordu euskaraz, Euskal Eskola Publikoa, Euskal Jaia...
Era berean, folklore tradizionalaren alde lan egitea euren helburuetako bat izanda, Deustuko folklore plataformako partaide dira, auzoan urtero erromeriak antolatuz, eta Dantzari eguna, Gaita eguna eta Dantza Agerketaren edizio batzuetan parte hartu dutela nabarmentzen dute. Hori nahikoa ez balitz, kale animaziorako talde moduan hainbat aldiz Lekeitioko Naziorteko Kale Antzerki Jaialdian egon dira, eta Kukubiltxo Antzerki Taldearekin batera, Mamutxak espektakulua ere prestatu dute.
Gaur egun, konpartsaren irudi kopurua handitu egin da, eta hamalu erraldoik osatzen dute, hala nola, 'Deustuko alkatea', 'Txakolinaria', 'Mariñela', 'Sirgaria', 'Txistularia', 'Dantzaria', Albokaria', 'Gaiteroa', 'Aker beltz', 'Anbotoko Mari', 'Ikaskina', 'Esne saltzailea', 'Pelotaria' eta 'Laiaria'. Eskaintzen duten ikuskizunaz gozatu nahi baldin baduzu, beraz, jakin ezazu San Inazioko Udal Liburutegitik Elorrietarako bidean kalejira bat egingo dutela apirilaren 28an, ostiralean, 19.00etan; hurrengo egunean, apirilaren 29an, larunbatean, Elorrietan izango direla, 11.30ean; Ibarrekolandan, maiatzaren 27an, larunbatean, 11.30ean; Deustuko Erriberan, ekainaren 29an, ostegunean, 18.00etan, eta uztailaren 29an, larunbatean, San Inazion, 11.30ean.