https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Beldurra, thrillerra, maitasuna eta zientzia fikzioa, urtarrilak dakarren zinema

'Insidious' pelikulako irudia./
'Insidious' pelikulako irudia.

'Insidious' eta 'El corredor del labertinto' sagen pelikula berriak, 'Los papeles del pentagono' eta 'Call me by your name' estreinatuko dira hilabete honetan

IZASKUN MOYANO

Urtarrila, hotza eta euritsua. Euskal Herrian behintzat. Askotan etxean geratzeko ohitura nagusitzen da. Etxeko berotasunari uko eginda kalera pote batzuk hartzera ateratzeak nekea ematen du. Oso bestelakoa izango litzateke egoera Kanarietan edota eguzkia nagusi den txokoren batean bizi izanez gero. Zorionez, eguraldi kaxkarrarekin burutzeko planak badaude. Beste batzuen artean, spa batean erlaxatzea, jatetxe on batean afaltzea edota zinemara joatea. Azken aukera hau aprobetxatzeko gainera, urtarril honetan aukera paregabeak izango dira.

Sustoak maite dituztenentzat 'Insidious' sagaren laugarren atala estreinatu berri da. Beldurrezko generoa duten istoriook azken urteotan oso ezagun egin dira. Ikarazko filmetan aditua eta sagaren sortzaile den James Wanek ekoiztu du azken lan hau ere, Jason Blum eta Oren Pelirekin batera. ‘Azken giltza’ izeneko honetan parapsikologo batek etxean dituen deabruari aurre egin beharko dio. Atzazalak jateko prest?

Hilaren 29an Oscar zinema sarietarako bidean doan film bikaina estreinatuko da. Steven Spielberg zine zuzendari ospetsuaren esanetara jarri dira Tom Hanks eta Meryl Streep aktore bikainak. 'Los papeles del pentagono' filma benetako istorio baten oinarrituta dago. Bertan, The New York Times eta The Washington Post egunkari handiek Estatu Batuetako gobernuak zituen dokumentu sekretuak argitara atera zituzten modua kontatzen da. Bikaina polizia generoa maite dutenentzat.

Maitasun istorioekin hunkitzen direnak ere badute hilabete honetan zinemara joaterik. Andre Acimanen eleberrian oinarritutako pelikulak, 'Call me by your name', American Film Institute film onenaren saria jaso du. Armie Hammer, Timothée Chalamet eta Michael Stuhlbarg protagonista dituen lana 1983ko Italian kokatzen da. Gazte batek bere aitaren laguntzailearekin bizitako maitasun istorioa kontatzen da bertan. Pelikula honek ixten du, hain zuzen ere, trilogia.

Azkenik, zientzia fikzioa atsegin dutenentzat ere badago zer ikusi. Dylan O’ Brian nagusi den James Dashnerren trilogiak badu itxierako hirugarren pelikula: 'El corredor del laberinto: la cura mortal'. Nerabeen eguneroko bizitzat at dagoen akziozko istorioa kontatzen da bertan. Arrakasta itzela izango duela aurreikusten da, aurreko atal biek mundu osoan zehar 650 milioi eurotik gora batu baitute. Bete beharreko misio batengatik beraien bizitzak arriskuan jarriko dituzte gazteok.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos