https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Belako musika taldeak disko berria iragarri du datorren urterako

Belako musika taldeak disko berria iragarri du datorren urterako

Mungiako post-punk taldeak bost kontzertu emango ditu Europan zehar udan

UNAI SARRIUGARTE

Belako musika taldeak disko berria plazaratuko du datorren urteko udaberrian. Lan berri hau Mungiako laukotearen laugarren diskoa izango da. Gainera, aurtengo udan bost kontzertu eskainiko dituzte Europa mailan. Udaldiko bira ekainaren 27tik abuztuaren 25era bitartean izango da.

Belakok pasa den igandean eman zuen amaitutzat udara arteko nazioarteko kontzertuak. Bost kontzertu eman izan dituzte martxotik apirilera bitartean. DMAs australiar musika taldearekin Cardiffen egindako kontzertua eta Crystal Fighters musika banda britainiarrarekin batera lau kontzertu egin dituzte: Bartzelonan, Berlinen, Londresen eta Madrilen.

Europako udaberriko bira honetan 35.000 zalek izan dute Mungiako taldea ikusteko aukera. Dena dela, hau nazioartean hartu nahi duten bidearen atarikoa baino ez da. Izan ere, Matt Bates nazioarteko agente britainiarrarekin musika hitzarmen berria sinatu du taldeak. Matt Bates Alt-J, The 1975 eta Two Door Cinema Club musika taldeen agente izana da.

Aipatu dugunez, mungiar post-punk laukotearen Europako bira berria ekainaren 27tik abuztuaren 25era bitartean izango da. Bira berri honetan bost izango dira emango dituzten kontzertuak: ekainaren 27an Europavox Celement Ferrandeko festibalean, uztailaren 19an Benicassimgo FIB musika jaialdian, uztailaren 25ean Wave Rave Mundakako festibalean eta abuztuaren 24 eta 25ean Reading eta Leedseko musika jaialdietan.

Belako taldea 2011. urtean sortu zen Mungian, 80. hamarkadako new wave estiloan iradokituta. Hasiera batean mungiako laukoteak ingelesezko bertsioak egiten zituen eta lokal txikietan aritzen ziren jotzen. Baina, laster soinu berriagoetara aldatu zuten haien estiloa, post-punka ukitu elektronikoekin nahasiz.

Bestalde, 2012an Euskal Irrati Telebistako maketa lehiaketa irabazi zuten eta emaitza hauei esker 2012 urtean Bilbao BBK Live musika jaialdian eta Donostiako Jazzaldian jotzea lortu zuten. Azken bost urteotan hainbat izan dira nazioartean eta espainiar estatu mailan eskaini dituzten kontzertuak: Primavera Sound, Festival Tres sesenta, BBK Live, Low Festival, Sonorama Ribera...