https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Belako, Crystal Fighters-en bira europearraren gonbidatu berezia

Belako taldea./Facebook
Belako taldea. / Facebook

Talde britaniarrak eta Mungiako laukoteak Madrilen, Bartzelonan, Berlinen eta Londresen joko dute

Silvia Cantera
SILVIA CANTERA

Belako taldeak ez du mugarik ezagutzen. Mungiako laukoteak Hego Amerika, Asia eta Europa osoan jo du azken urte hauetan. Eta udaberrian atzerrira joango dira berriz. Crystal Fighters britaniarren eskutik izango da. Haiekin batera joko dute Berlinen eta Londresen, baita Madrilen eta Bartzelonan ere. «Oso pozik, Crystal Fighterseko lagunekin 4 kontzertu emango ditugulako», adierazi dute bizkaitarrek haien Facebook-eko orrialde ofizialean.

Crystal Fighters eta Belako taldeetako kideen arteko harremana 2013an sortu zen. Zugarramurdiko leizeetan ospatutako Cave Raven ezagutu zuten elkar. Izan ere, talde britaniarrak Euskal Herria izugarri maite du. Argi utzi zuten MTV European Awards ekitaldian. San Mamesen ospatutako makrokontzertuan euskal dantzari batzuk igo zituzten eszenatokira. Gainera, ohikoa da haien ikuskizunak bi txalapartariekin hastea.

Belako hasierako taldea izango da martxoaren 13an Hivernacle del Poble Espanyol-en eta 15ean Madrilgo WiZink Center-en. Berlien martxoaren 28an izango dira, Astran, eta Londreseko kontzertua Brixton Academy-n izango da, apirilaren 4an. Crystal Fighters taldeak A Coruñan, Zaragozan eta Murtzian ere joko du, baina emanaldi horietan Mungiakoek ez dute parte hartuko.

Ehun kontzertuko bira

Cris Lizarraga, Lore eta Josu Billelabeitia eta Lander Zalakain Belako taldearen laugarren diskoa prestatzen ari dira orain. Haien aurreko lanarekin, 'Render me numb, trivial violence', ehun kontzertu baino gehiago eman zituzten. Azkenengo bira horrekin Errusia, Japonia, Korea, Mexiko, Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Portugal, Filipinak eta Holandan izan dira. Gainera, aurten hiru sari lortu zituzten MIN-etan, eta MTV baterako proposatu zituzten.