https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Begotxu jatetxeko 'katxopoa', bizkaitarren jaki preziatua

Begotxu jatetxeko 'katxopoa' patata frijituekin./
Begotxu jatetxeko 'katxopoa' patata frijituekin.

Armintzako Usain arrebek 20 urte daramatzate Bizkaia mailan hain famatu bilakatu diren eskalopeak prestatzen. Pieza bakoitzak bi killo inguru pisatzen ditu eta azken 20 urteotan bi pertsonak bakarrik jan ahal izan dute osorik

UNAI SARRIUGARTE

Zaila da Armintzako Begotxu jatetxeak sukaldatzen dituen 'katxopoak' ezagutzen ez dituen bizkaitarrik aurkitzea. Azken boladan izugarri famatua bilakatu da gazteen kuadrillen artean, nahiz eta eskalope famatua dastatzeko asmoz adin desberdinetako mahaikideak izaten diren bertan. Udaldian zail xamarra izaten da bertan bazkaltzeko edota afaltzeko lekurik aurkitzea. Hortaz, aurretiaz erreserbatu behar izaten da ahosabaietarako erakargarria den gutizia honetaz gozatzeko. Mmmmmmm!!!!

Begotxu jatetxe apala da, euskal altzariekin apaindutakoa eta aukera gastronomiko izugarria aurkezten duena. 40 urte baino gehiagoko esperientziak babesten du jatetxea. Bertako jangeletatik belaunaldi ezberdinetako eta adin guztietako bizkaitarrak igaro izan dira, gazte zein heldu.

Egun, egiten duten eskalopeagatik da ezagun gehienbat. Baina aspaldidanik Uribe Kosta eskualdean itsasoko produktuak prestatzen oso ospetsua izan zen Begotxu jatetxea: arrainak edota itsaskiak esaterako. Gainera, jatetxea paraje ikaragarri batean kokatua dago, Armintzako portuaren aldamenean.

Duela 20 urte hasi ziren Begotxu eta Esther Ausin arrebak dimentsio ikaragariak aurkezten dituen eskalopea prestatzen. Behiaren xerrak erabiltzen dituzte, gazta eta urdaiazpikoarekin uztartuz. Eskalopearen errezeta arreba hauen amak egin ohi zuen. Eurek amarena handiagotu egin zuten gazteen atentzioa deitzeko helburuarekin.

Eskalope honek sekretu berezi bat aurkezten du. Kozinatu aurretik, 24 orduz hozkailuan gorde egiten dute, ondoren ogitan pasatu ahal izateko. Zartaginean olioa irakiten ipini eta bertan frijitzen ixten da. Eskalopea patata frijituekin aurkeztu egiten da zerbitzatu baino lehen. Bi killo inguru pisatzen ditu eta egun 24 euro balio ditu.

Osorik jaten duenak musu-truk jaten duela esan ohi da. Begotxu Usain jatetxearen jabe eta sukaldariak dioenez: «azken 20 urteotan bi pertsonak bakarrik jan ahal izan dute eskalopea osorik: emakumezko kataluniar batek eta ingeles bisitari batek».