https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Begoña Durruty eta Marko Armpach, euskal komikigintzaren ordezkari Bruselan

Fête de la BD–Strip Feest, Europako komiki jaialdi garrantzitsuenetakoa, Belgikako hiriburuan burutuko da irailaren 14tik 16ra

AMALIA IBARGUTXI

Nazioarteko komikigintzaren plazan parte hartuko dute, euskal komikigintzaren ordezkaritza lanetan, Begoña Durruty eta Marko Armpach marrazkilariek. Euskal komikigintza laugarren aldiz egongo da ordezkatuta belgikar hiriburuko Fête de la BD–Strip Feest jaialdian. Ipar Euskal Herriko bi marrazkilariokin batera, Europa osoko editore eta autoreek euren argitalpenak eta nobedadeak erakutsiko dituzte.

Hilaren 14etik 16ra egingo dute parte hartzea. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira jaialdian, eta aurten Begoña Durruty eta Marko Armpach marrazkilariak egongo dira horien artean. Nazioarteko pabilioian, EUNIC-en standaren baitan egongo dira kokatuta euskal komikiak, sare horretako kide diren beste hainbat herrialdetako argitalpenekin batera. Estonia, Txekiar Errepublika, Hungaria, Luxenburgo, Letonia, Polonia, Portugal, Errumania eta Turkiakoak izango dira gune horretan ikusgai, besteak beste. Bertaratzen direnek Euskal Herrian euskaraz zein gaztelaniaz ekoiztutako lanak aurkituko dituzte.

2010. urtean sortutako ekitaldiak komiki-sorkuntzarekin nolabait erlazionatutako tailer, aurkezpen, hitzaldi, mahai-inguru eta erakusketa eskaintzen ditu. Irailaren 15ean, Armpach-ek norberaren herrialdean komikigintzak duen egoeraz eztabaidatzeko mahai-inguruan hartuko du parte Luxenburgo, Portugal eta Turkiako egileekin batera. Irailaren 16an, berriz, Durrutyk haurrei zuzendutako sorkuntza tailerra emango du.

Parte hartzen duten herrialdeetako komikien aniztasuna erakutsiko duen erakusketa bat ere antolatu dute. Era berean, sektoreko editoreek, profesionalek eta azokako bisitariek euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute, hainbat argitaletxek argitaratutako lanak eskuragai egongo dira eta.

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin eta EUNIC European Union National Institutes for Culture-ekin lankidetzan antolatu dute marrazkilari euskaldunen parte hartzea, Etxepare Euskal Institutuari esker.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos