Bego Vicarioren 'Ehiza' filma gailendu da Euskal Zine Bileran
Sail ofizialeko 19 filmak telematikoki ikusi ahal izan dira ekimenaren webgunean, zinebilera.eus-en
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 30 azaroa 2020, 20:09
Bego Vicarioren 'Ehiza' filma gailendu da Euskal Zine Bileran. Egitasmoaren 43. edizioa pandemiaren ezohiko egoerak markatu du. Hala, Sail ofizialeko 19 filmak telematikoki ikusi ahal izan dira ekimenaren webgunean, zinebilera.eus. Aitor Abaroak eta Ana Goitiak aurkeztu zuten emanaldien aurkezpenaren eta sari banaketaren ekitaldia streaming bidez, igandean, azaroaren 29an.
Aurtengo deialdiaren epaimahaia Aitor Oñederra zinemagile eta ilustratzaileak, Erika Olaizola aktoreak eta Mikel Ruedak gidoigile eta zuzendariak osatu dute. Euren esanetan, genero eta izaera anitzetako lanez gozatu ahal izan dute jaialdian, istorio ikusgarri eta interesgarriez osatutakoak.
Hiru sail nagusitan eskaini dituzte sariak: film onenari, zuzendaritzarik onenari eta gidoirik onenari, alegia. Film hoberenaren Urrezko Antzarra Bego Vicarioren 'Ehiza' filmak jaso du. Epaimahaiak gaineratu zuenez, proposamen ausarta eta animazio lan ezinhobea da Vicariorena, rotoskopia teknika eta erritmoa maisuki uztartu dituena.
Zuzendaritza onenaren saria, aldiz, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren 'Irten barrura' lanak irabazi du. Epaileek adierazi zutenez, begirada berezi eta erakargarria eskaintzeagatik aintzatetsi diete Zilarrezko Antzarrarekin. Era berean, gidoirik onenaren aitortza Imanol G. Gurrutxagak jaso du, «Nigandik» filmerako erabili dena. Gidoi honek isiltasun eta begiraden errealitate garden bat mahaigaineratzen du, epaileek ziotenez.
Hiru garaikurrez gain, beste aitortzaren bat ere banatu dute aurtengoan. Epaimahaiak Ekain Albitek gidatutako 'Haizearen egia' filma goraipatu zuen, saharar eta euskal kulturen arteko sinergiak ezinhobeki aditzera eman izanagatik.