https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Begira sareak komunikabideek genero indarkeria nola tratatzen duten aztertuko du

Begira sareak komunikabideek genero indarkeria nola tratatzen duten aztertuko du

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera, 2016an sarearen lehenengo jardunaldia egin zenetik agentziak eta komunikabideek lanean jarraitu dute, «adosten, esperientziak eta ezagupenak elkarbanatzen»

EL CORREO

Komunikabideetan eta publizitatean genero indarkeriak duen tratamenduaren azterketan jarriko du aurten arreta Emakundek bultzatzen duen Begira Sareak. Publizitate agentziek eta komunikabideek osatzen dute elkartea, eta komunikabide eta publizitate ez sexista baterako autorregulazio kodea ezartzeko sortu zen. Astearte honetan zortzigarren bilera ospatu zuten, eta, bertan, 2019rako lan plangintza aurkeztu zuten.

Bi ikerketa aurkeztu ziren Euskadiko Artxibo Historikoaren egoitzan egindako jardunaldian. Alde batetik, Simón Peña Fernández Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak 'EAEn genero indarkeriaren ondorioz eraildako emakumeen informazio tratamenduaren azterketa (2015-2017)' aurkeztu zuen, eta, bestetik, Isabel Mastrodoménico Gizarte Zientzietan lizentziadun eta Comunicación y Género agentziako zuzendariak 'Rolek eta estereotipoek berdintasun eza eta indarkeria sortzeko elementu gisa duten tratamenduaren azterketa publizitatean' azterlana.

Izaskun Landaida Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak ireki zuen bilkura, komunikabide eta publizitate agentzia ezberdinetako profesionalen aurrean. Landaidak azpimarratu zuen 2016an sarearen lehenengo jardunaldia egin zenetik agentziak eta komunikabideek lanean jarraitu dutela, «adosten, esperientziak eta ezagupenak elkarbanatzen».

«Prozesu hau guztiontzako aberasgarria dela pentsatzen dut. Eta komunikazio eta publizitate ez sexista batera heltzeko, azken finean berdintasunezko jendarte bat lortzeko, bidea hau dela uste dut, elkarlana eta esparru ezberdinetatik lan eginez», ziurtatu zuen.

Hortaz aparte, Begira sarea osatzen duten publizitate agentzia eta komunikabideen lana azpimarratu zuen Landaidak: «Helburu honen lorpenean eta komunikazio eta publizitate ez sexista bat egiteko helburua lortzeko ere, zuen inplikazioa oso garrantzitsua da». «Beharrezkoak diren agenteak zarete, funtsezko eragileak zarete gure jendartean hain beharrezkoa den balio eraldaketa bat emateko», gaineratu zuen.

Bestalde, Zuriñe Elordi Emakundeko idazkari nagusiak azpimarratu zuen emakumeon kontrako indarkeria izango dela Begira sarearen aurtengo lan plangintza ardatza. Azaldu zuenez, «alde batetik, komunikabideek genero indarkeriako kasu baten berri ematen dutenean egindako tratamenduan arreta jarriko dugu, emakumeen kontrako indarkeriari buruz nola informatzen den aztertuko dugu, eta, beste alde batetik, publizitatearen eragina emakumeen indarkerian sorreran dauden rol eta estereotipoen sorkuntzan».

Temas

Euskera