https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Beatles gabeko mundu bat

'Yesterday' pelikularen promozio-irudi bat./e. c.
'Yesterday' pelikularen promozio-irudi bat. / e. c.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Imajinatu al dezakezu The Beatles musika taldea ezaguna ez den mundu bat? Estreinatu berria den Yesterday pelikulan munduan izan den talderik ospetsuena une batetik bestera desagertu da. Gizaki bakar batek daki noizbait existitu zirela, gainerakoentzat izen ezezagunak dira. Googlen bilatuz gero, kakalardo arrunt baten argazkia da agertzen den lehena.

Mundu mailako itzalaldi baten ostean, nola-halako abeslari batek Liverpooleko taldearen aztarna erabat ezabatu dela deskubritzen du. Inork ez du inoiz 'Let It Be', 'Eleanor Rigby' edo 'Hey Jude' abestien berririk izan. Inoiz ez dira 'Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band', 'Rubber Soul' edo 'Abbey Road' diskoak argitaratu. Tentazioa haren esku dago: taldearen konposizioak bereak izango balira bezala aurkezten ditu eta, nola ez, nazioarteko ospea lortzen du. Bere helburua lortzeko ezinbestekoa du 'Ed Sheeran' abeslariaren laguntza, musikari berriaren talentuarekin guztiz liluraturik agertzen baita.

Gogo handiz hurbildu nintzen zinera. Planteamendua guztiz erakargarria iruditzen zitzaidan. Azkenean, ez nuke esango emaitza erabat etsigarria denik, baina bai, nolabait, erdibidean geratzen dela. Azken buruan, publiko ezberdinen nahiak bete nahi dituen komedia erromatiko bat da, eta, batzuetan, azukrearen dosia gehiegizkoa izateko arriskuan dago. Zorionez argi gorriak ez dira pizten, baina nire uste makalean, jatorrizko ideiarekin askoz gehiago sakondu zitekeen.

Danny Boylek zuzendutako filmean ez dira 'the fab four' mundutik desagertu diren bakarrak. Trama aurrera doan heinean beste ikono batzuen falta sumatzen da: Coca-Cola, tabakoa, Oasis Taldea -jakina-, Harry Potter... Noizbait agertzen den pertsonaia misteriotsu baten iritziz «mundua infinituki okerragoa izango litzateke Beatles barik», baina egia esan, ezagutzen dugun mundua eta zintan agertzen dena ez dira horren ezberdinak. Hori bai, inork ez luke 'Disko Zuririk' argitaratuko beltzak ez mintzearren, eta John Lennon, bizitza on eta arrunt bat bizi ondoren, erretiroan egongo litzateke kostaldeko 'cottage' batean, film honen unerik bitxienetako batean ikus daitekeen legez.

Behin galderetan sartuta, eta ildo beretik jarraituz, beste batzuk datozkit burura: hamarkada honetan jaioak izatekotan...lortuko al luke The Beatles taldeak bere garaian lortu zuen ospea?

Euren abestiek, lortuko al lukete fama bera beste batzuek lehenengoz aurkeztuz gero?

Zenbat abesti ezezagunek lortuko luke mundu mailako ospea Beatles taldeak sinaturik argitaratuz gero?

Zer gertatuko litzateke, adibidez, 'Lau Teilatu' edo 'Txoria Txori' Beatlesenak izango balira?

Areago: 'Despacito' ingelesez eta haien sinadurarekin argitaratu izan balitz, zer erantzun lortuko zuen?

Zer garrantzi dute zorteak, sorterriak, marketinak, irudiak eta abarrek mito baten eraikuntzan?

Gustatuko al litzaioke Mozarti Beatlesen musika?

Bizirik al dago benetan Paul McCartney?

Pelikula honen promozioak dakarkigun galderari erantzuna emanez, esango dut ezetz. Nik, behintzat, nekez imajinatu dezaket The Beatles gabeko mundu bat , eta ez dakit ziur horren zorigaiztokoa izango zenik, baina era berean honako hau baieztatu nahi nuke: nire bizitza askoz tristeago izango zatekeen The Beatles, The Rolling Stones, The Clash, Santana eta beste hainbat taldeen laguntza barik.

Temas

Euskera