Borrar
Iñigo Roquek hainbat literatura lan itzuli ditu, batik bat portugesetik eta ingelesetik. Borja Agudo
«Beat belaunaldiko kide guztien ezaugarria askatasun-egarria izan zen»

«Beat belaunaldiko kide guztien ezaugarria askatasun-egarria izan zen»

Iñigo Roque itzultzaileak euskarara ekarri du Jack Kerouac-en 'Errepidean' eleberria, kolektibo haren obra gorena

Iraitz Urkulo

Domingo, 17 de febrero 2019, 01:51

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iñigo Roque (Portugalete, 1976) dugu euskal itzultzailerik finenetakoa, dudarik gabe. Hala erakutsi du behin eta berriz azken urteotan. Hari esker, Fernando Pessoa, F. Scott Fitzgerald edo Kazuo Ishiguroren lanak goza ditzakegu euskaraz.

Oraingoan, Jack Kerouac idazle estatubatuarraren 'Errepidean' (Pasazaite, 2018) itzuli du. Bertan, egileak XX. mende erdialdean Ameriketako Estatu Batuetan barrena eta Mexiko Hiriraino egindako bidaiak kontatzen ditu. Protagonistak plazer eta salbamen bila abiatuko dira errepidean barrena, sexua, drogak eta jazza lagun.

-Zer testuingurutan sortu zen beat belaunaldia?

-Bigarren Mundu Gerraren ondoren agertu zen, Estatu Batuetan, eta, hein batean, gerra arteko Belaunaldi Galduari hartu zion lekukoa (Hemingway, Scott Fitzgerald, Stein, Dos Passos…), edo kendu zion lekua, nola begiratzen zaion, ordura arteko bidea erabat zartatu nahi izan baitzuen.

-Nortzuek osatu zuten eta zeintzuk dira haien lan arrakastatsuenak?

-Zerrenda luzea litzateke. 'Errepidean'en, beste izen batekin ageri dira, esaterako, Burroughs (enteleguaren mugak zabaltzeko kimika erabili zalea), Ginsberg ('Ulua' poema gogoangarriaren egile eta teorialari aipagarria) eta Corso (ahaztuxea dugun poeta). Badira beste asko ere. Nik, gainerakoen artetik, Rexroth (itzultzaile, orotariko idazle eta pentsalari zorrotza) eta Ferlinghetti (editore eta poeta) nabarmenduko nituzke. Emakumeak ere izan ziren, noski, eta ez gutxi. Gaztelaniaz atera zen 'Beat Attitude' izeneko emakume poeten antologia gomendatuko nuke.

-Zer bereizgarri ditu beat belaunaldiaren literaturak?

-Belaunaldi guztiek konstruktu akademikotik zerbait baduten arren, kasu honetan berek onartutako izendapena izan zen. John Clellon Holmes-ek jendarteratu zuen artikulu batean, eta Kerouacek berak aipatzen du liburuan, 'beat'en askotariko adierak aletuz: beatifikatua, zafratua, erritmikoa… Esango nuke beat belaunaldiko kide guztien ezaugarria askatasun-egarria izan zela eta askatasun hori literatura-formen bilaketara bideratu zutela.

-Zergatik jotzen da Jack Kerouacen 'Errepidean' beat belaunaldiaren lan ikonikotzat?

-Belaunaldiaren erretratu zurrunbilotsu bat da, belaunaldiko pertsonaia nagusien sartu-irtenez betea. Jendearen iruditerian geratu da 'road movie'en generoari esker, nahiz, egiari zor, liburuaren egokitzapen zinematografiko guztiak aski pattalak izan diren. Amodioaren Udaren aurrekariak ezartzen ditu, bidaia iniziatiko baten tankeran: drogak, budismoa, sexu-askatasuna…

«Beat belaunaldiko kideek Hemingway eta Scott Fitzgerald-en Belaunaldi Galduari hartu zioten lekukoa»

Lau bidai

-Zer kontatzen du eleberriak?

-Funtsean, Kerouacek 1947tik 1950era bitartean Estatu Batuetan barrena eta Mexiko Hiriraino egindako lau bidaia kontatzen dira. Liburuaren egitura hezurmamitzen dute bidaiok, eta bizikizun bizietan zehar eraman egiten zaituzte, zurrunbilo batean. Izango da liburuan parranda segida ero bat ikusiko duena, baina irakurle zuhurrak harago ikusten jakingo du, liburu on guztietan bezala.

-Nola kontatzen du istorioa? Hau da, zeintzuk dira Kerouacen estiloaren ezaugarriak?

-Prosa espontaneoa deitu zion Kerouacek bere estiloari; ohiko kontzientziaren jarioa besterik ez da hori. Ideiak burura etorri ahala papereratzea. Guztizko freskotasuna dakar horrek, baina editatu beharra ere bai. Horregatik, liburuaren bi bertsio ditugu: editatu gabea (biribilki famatua) eta editatua (guk euskaratua eta askoz ere irakurraldi samurragokoa).

-Ezagutzen duzu ildo bereko lanik euskaraz sortutako literaturan? Edo, bestela, bada beat belaunaldiaren eragina hautematen zaion euskal idazlerik?

-Itxaro Bordaren 'Jalgi hadi plazara', Katixa Agirreren 'Atertu arte itxaron', Gotzon Hermosillaren 'Road movie' kronika… Errepideko kontuak badira, baina aski urruneko zaizkio Kerouacen liburuari. Bestalde, 'beat'en eragina gurera iritsi arren, ez dut uste berealdikoa izan denik gure idazleen artean. Beharbada, Edorta Jimenezen zenbait lan aipatuko nituzke (guztiak ere berreskuratu beharrekoak, zinez).

-Zerk bultzatzen ditu egungo irakurleak 'Errepidean' irakurtzera? Obraren balio literarioak? Ala gaiarekin lotutako morboak?

-Ez dut nik esango morboa txarra denik, baina liburura gordinkeria bila hurreratzen denak zaputza hartuko du. Nik uste liburuak gure postmodernia honen hainbat gako bistaratzen dizkigula, eta kolektibotik pertsonalera nola igaro ginen ere erakusten digula. Mundu zaharraren eta berri oraindik sortu gabearen arteko talka ere ageri da bikainki.

«Liburuaren egokitzapen zinematografiko guztiak aski pattalak izan dira»

Itzulpena

-Kerouacen bidaiak iraun zuen denbora-tarte bera behar izan duzu eleberria euskaratzeko: bi urte.

-Galdu egin naiz errepidean. Ez dut trenpu egokia izan. Tonua eta haria harrapatu bezain laster alde egiten zidaten. Ez da izan liburuaren errua, noski, ezpada nire bizimoduarena eta desorduetan jardun beharrarena (ogibidearekikoak egin eta gero). Aipatu nahi nuke Amaia Apalauzaren laguntasuna, errepide-mapa andana bat harturik bila etorri baitzitzaidan.

-Kerouacek testu osoa jarraian idatzi zuen, 36 metro luzeko paper-biribilki batean. Zuk, ordea, beste egitura bat eman diozu liburuari.

-Bitxia da biribilki original horrek baduela zaindari propio bat, erakusketetan zabaltzeaz-eta arduratzen dena. Nik lehenbiziko edizioko testua euskaratu dut; ez da nik emandako egitura, beraz. Biribilkia hiru astean idatzi eta beste sei urtez landu zuen testua Kerouacek, editorearen laguntzaz, eta nabaria da aldea. Biribilkitik nik egiazko izenak gordeko nituen, eta ez edizioko izen mozorrotuak (salaketen beldurrez hala argitaratu ziren).

-Zeintzuk izan dira itzulpen-prozesuaren atseginik handieneko uneak?

-Atsegin-unerik handienak jazz-emanaldietako paragrafo durunditsu horiek itzultzean iritsi ditut. Gozamena eta mina nahastean. Ingelesez esaten denez, 'No pain, no gain'. Lehengoan Hegats aldizkarirako aukeratutako liburuko aipu bat irakurri nuelarik, itzulpeneko duda-mudak ahazturik, pentsatu nuen: «Zeozer egin dugu, behintzat».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios