https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

BBKayak lasterketak mila piraguista baino gehiago bilduko ditu Bilbon

Iazko BBKayak lasterketa./Manu Cecilio
Iazko BBKayak lasterketa. / Manu Cecilio

Larunbatean, ekainaren 1ean, ospatuko den ekitaldian federatuek eta piraguismoaren zaleek hartuko dute parte

UNAI SARRIUGARTE

BBKayak lasterketak mila piraguista baino gehiago bilduko ditu Bilbon, datorren larunbatean, ekainaren 1ean. Ekitaldi hau Ibai eta Zeharkaldien Espainiako Txapelketaren hitzorduetako bat da eta Espainiako Maratoi Koparako puntuagarria izango da. EL CORREO egunkariak antolatutako ekimen honen III. edizioak, familien arteko kirola sustatzea eta natura esparruetan kirola egitean lantzen diren balioak zabaltzea ditu helburu. Gainera, Bilboko hirira bisitariak erakartzeko erreminta ezin hobea da.

Lasterketaren aurkezpena atzo, maiatzak 24, burutu zuten Bilboko BBK aretoan. Bertan hainbat pertsonai publikok hartu zuten parte: Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia, Alfredo Sanchez «El Correo»-ko zuzendari komertziala, Joseba Saies Piraguismoko Euskal Federazioko lehendakaria, Adolfo López Bizkaiko Federazioko lehendakaria besteak beste.

BBKayak Bilbo eta Bizkaia mailan ekitaldi garrantzitsua izateko helburuarekin jaio da. Bilboko itsasertza aurten ere piraguismoaren zale eta profesionalen bilgune bilakatuko da.

Ekimenak bi proba izango ditu: batetik, jaitsiera herrikoia, hiriaz eta piraguismoaren festaz gozatu nahi duten zaleek ekitaldian parte-hartzeko aukera izan dezaten; bestetik, jaitsiera profesionala, klub federatuentzat bakarri izango dena. Azken hau aurten Espainiako Ibai eta Zeharkaldien Txapelketaren hitzorduetako bat izango da.

Zaleen lasterketaren ibilbideak bost kilometro izango ditu eta San Anton zubitik Itsas Museoraino joango da. Bestalde, piraguista profesionalen lasterketak 8 kilometroko ibilbidea izango du kategoria guztietan. Lehiaketa hauetan irteera eta helmuga toki berean kokatuta egongo da, Itsas Museoaren aldamenean.

Profesionalen proba bost kategoriatan egongo da banatuta: beterano, senior, sub-23, junior eta kadeteak. Profesionalen lehiaketa goizeko 10:30etan hasi eta zazpiak inguruan amaituko da. Bestalde, etxeko txikienek, hau da, benjamin, kimu eta haur kategoriakoak, 09:45etik aurrera abiatuko dira.