https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bazterkeriaren aurkako akordioa sinatu dute Eraberean Sareak eta Jaurlaritzak

«Tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza gizarte moderno orok lortu beharreko helburua», direla gogorarazi du Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak

AMALIA IBARGUTXI

Gizarte-diskriminazioaren eta bazterketaren aurkako hitzarmena sinatu dute Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU). Zehatzago, Eraberean Sareak eta Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak sustatu dute lankidetza-hitzarmena.

Lehenak, migratzaileen, ijitoen eta LGTBI kolektiboaren sustapenean modu esanguratsuan lanean ari diren zenbait gizarte-erakunde biltzen ditu; bigarrenak, sistema pedagogikoaren eraldaketa-espazio gisa eratutakoa, diskriminazioaren aurkako estrategia juridikoen gainean hausnartzen du. Akordio horren bidez, ezagutzak eta esperientziak trukatu ahalko dituzte eta estrategiak eta interesak garatu. Baterako interesen defentsa, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapena eta gizarte-justizia lortzea, besteak beste.

Ekimenari esker «lan-dinamikak garatu ahalko dira; izan ere, ezagutza teoriko eta praktikoen elkarrekiko fluxuak aukera emango du helburuak lortzeko ikuspegi partekatuaren bidez». Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, «tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza gizarte moderno orok bete beharreko helburu direla. Akordio honen bidez, urratsak eman ahalko ditugu norabide horretan».

Bestalde, Maggy Barrère Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko zuzendariaren arabera, Eraberean Sareak Euskadiko politika publikoetan eta sozietate zibilean tratu-berdintasuneko eta bazterketarik ezeko printzipioa sustatzen du eta, horretarako, honako hauek dituzte helburu: tratu-berdintasuneko eta bazterketarik gabeko politika bereziak sustatu eta orientatzea; tratu-berdintasuneko eta bazterketarik gabeko printzipioa politika sektorialetan integratzea; eta, azkenik, pertsonen zerbitzura jartzea informazioko, aholkularitzako eta orientazioko mekanismo eta tresnak, diskriminazio-tratu baten aurrean beren eskubideak balia ditzaten.

 

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos