https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Argazkilaritza dokumentalaren nazioarteko izen handiak, ekainean, Bilbon

Argazkilari bat, argazkia egiten./
Argazkilari bat, argazkia egiten.

BasqueDokFestival jaialdiaren bigarren edizioa ekainaren 21etik 23ra ospatuko da

EL CORREO

Ekainaren 21etik hilaren 23ra ospatuko da aurten BasqueDokFestival, Euskadiko argazkilaritza dokumentalaren nazioarteko jaialdiaren bigarren edizioa. Ekimenak Bilboko Bizkaia Aretoa izango du berriz egoitza nagusi, eta, antolatzaileek azpimarratu dutenez, arloko izen handiko profesionalak bilduko dira bertan.

Izan ere, parte hartzaileen artean, Cristóbal Hara 'Vanitas' edo 'Autobiography' liburu sarituen egile eta 2019ko BasqueDok Sariaren irabazle espainiarra, Darcy Padilla hiru World Press Photo sarien irabazle estatubatuarra, Martín Weber (Txile/Argentina), Daro Sulakauri (Georgia) eta Lua Ribeira (Ingalaterran bizi den galiziarra) nabarmendu daitezke.

Halaber, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenaren arabera, Mikel Ayestaran EL CORREOko berriemaileak, Bieke Depoorter belgikarrak (Magnum agentzia), Alemanian bizi den Carol Körting kolonbiarrak eta Sofía Moro espainiarrak osatuko dute gonbidatuen zerrenda.

Euren hitzaldiekin batera, BasqueDokFestival jaialdiaren programak eskola magistralak eta lantegiak eskainiko ditu, eta baita hiru beka eskainiko ditu eta hiritar guztiei irekitako jarduerak ere. Horien artean, 'El silencio de la guerra, Damasco' dokumentalaren aurkezpena Golem zinema aretoan edo Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren kanpoan izango diren mikro dokumentalen proiekzioak nabarmendu daitezke.

«Feminista, iraultzailea, kutsakorra eta kutsatuta, bigarren edizio honetan ahots marjinatuei eta isilarazitakoei oihartzuna ematen dien argazkilaritza dokumentalari protagonismoa eman nahi izan diogu, bai eta askotan arrakastaren mugetan kokatzen den autore lan pertsonal eta ausartari ere», adierazi du Ixone Sádaba jaialdiaren komisarioak.