https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lucas Eguibar snowboardlari euskaldunak garaipena lortu du asteburu honetan Suitzan

Lucas Eguibar snowboardlari euskalduna./
Lucas Eguibar snowboardlari euskalduna.

Basque Teameko kirolariak larunbatean Veyssonazen lortutako garaipenari esker laugarren postuan bukatu du Munduko zirkuitua

EL CORREO

Lucas Eguibarrek orain dela hamabost egun Baqueira Bereten izandako erorikoaren arantzatxoa atera du asteburu honetan Veysonnazeko Munduko Kopan garaipena erdietsita. Kirolari euskalduna erraz nagusitu da bertan. Dagoeneko bost aldiz igo da podiumera estazio honetan. Larunbatean lortutako garaipenari esker Lucas Eguibarrek laugarren postuan bukatu du Munduko zirkuitua. Gogoratu behar da gipuzkoarra laugarren ere izan zela otsailean jokatutako Park Cityko Munduko txapelketan (AEB).

Basqueteametk gogorarazi dutenez, aurtengoa ez da izan Lucas Eguibarren denboraldirik onena, baina bukaera zoragarria izan du. Oso teknikoa den ibilbidean Lucas jaun eta jabe izan da ia txanda guztietan. Final zortzirenetan lehena izan da irteten eta bukatzen, Jerome Lyman suitzarraren aurretik. Final laurdenetan sufritzen hasi zen hirugarren postuan zihoalako, baina azkar bigarren jarri zen Cameron Bolton australiarraren atzetik. Finalerdietan berriz ere australiarrarekin neurtu zituen indarrak eta Lucas irten zen garaile. Final handiari ere indartsu ekin zion Eguibarrek eta Alessandro Haemmerle austriarraren atzetik bigarren irten arren, teknika eta taktikari esker, euskaldunak aurreratu egin zuen ibilbidearen erdialdean eta lidertzari eutsi zion helmugaratu eta urrezko domina irabazi arte.

«Aurreko asteetan oso ondo sentitzen nintzen, inoiz baino gehiago entrenatu dut eta oso eroso egon naiz taula gainean… Lasterketak ondo bukatzea baino ez zitzaidan falta eta azkenean ondo irten zait. Denboraldia zapore gozoarekin amaitu dut! adierazi zuen Lucasek proba bukatutakoan. Denboraldi irregularra izan du Lucasek, baina azkenean 1.840 puntu pilatu ditu eta laugarren postua lortu du Munduko Kopako sailkapen nagusian. Zorte on hurrengo konpromisoetan, Lucas!

Temas

Euskera