Basque Culinary Centerrek hainbat nobedade ezarri ditu datorren ikasturterako
Erakundeak hezkuntza-eredua birdiseinatu du, eta, horretako, zenbait alor indartu egin dira, hala nola, irakaskuntzaren pertsonalizazioa, prestakuntza praktikoa, diziplinartekotasuna edota gaitasun pertsonalen garapena
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 31 uztaila 2020, 19:39
Basque Culinary Centerrek (BCC) hainbat nobedade ezarri ditu datorren ikasturterako. Izan ere, erakundeak hezkuntza-eredua birdiseinatu du, eta, horretako, zenbait alor indartu egin dira, hala nola, irakaskuntzaren pertsonalizazioa, prestakuntza praktikoa, diziplinartekotasuna edota gaitasun pertsonalen garapena. Berrikuntza guzti horiek etorkizuneko maisu gastronomikoen prestakuntza eta gaitasunak indartu eta hobetzea du xede.
Datorren urteko ikasturtea irailaren 2an hasiko da. Hala, BCCko ikasle ezberdinak inguru digital aurreratuetan murgilduko dira, eta, era berean, eraikinaren espazioak berregokituko dituzte. Azken honek bi helburu konkretu ditu: batetik, klaseen edukiera txikiagotzea, eta irakaskuntza pertsonalizatuago bat aurrera eramatea.
Duela hilabete batzuk sail honetan ezagutzera eman genuen 'Gastronomy Shapers' egitasmoa dago nobedade berrien artean. Era berean, 'Baratzea' bezalako proiektu berriak jarriko dituzte martxan, elikagaien ekoizpena aintzat hartzen duen irakaspena, alegia.
BCCko zuzendari den Joxe Mari Aizegak nabarmendu duenez, urrats esanguratsua emango dute pandemiaren ezohiko garaiotan. Horren adibide gisa, Aizagak azken hilabeteotan online ikasketen alde BCCk eginiko %100 eskaintza goraipatu du, ikasleek ikasturtea gal ez zezaten emandako alternatiba, alegia.
Hortaz, Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen Graduetan, esaterako, askoz gehiago oinarrituko dira gastronomiako profesionalen gaitasunetan eta ezaugarri pertsonaletan. Gainera, sukaldaritzari eta honen historiari buruzko tailer praktikoak burutuko dituzte, baita hautazko materiak areagotu ere. Praktikak ere inoiz egin izan ez duten gisa sustatuko dituzte.
Aipatu bezala, 'Gastronomy Shapers' ekimenari esker, gastronomiaren sektorearen orainaldia eta etorkizuna zehazten ari diren nazioarteko sukaldari adituen hitzaldiez gozatzeko eta tailerrak ikuskatzeko aukera izango dute. 'Baratzea' proiektuan, berriz, lursailak ardatz izanez, elikagaien ekoizpenaren inguruko ezagutzak irabaziko dituzte ikasleek, Basque Culinary Centerren aldamenean ahalbidetuko dena.