Basque Culinary Centerrek 'Gastronomy shapers' online egitasmoa aurkeztu berri du
Bertan sukaldaritzan adituak diren munduko 100 adituk baino gehiagok esku hartuko dute
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 23 ekaina 2020, 20:40
Basque Culinary Centerrek 'Gastronomy shapers' online egitasmoa aurkeztu berri du. Horren bitartez, nazioartean gastronomiaren alorrean duen aitzindaritasuna indartu nahi izan du. Bertan sukaldaritzan adituak diren munduko 100 adituk baino gehiagok esku hartuko dute. Hala, urtebetez gastronomiaren oraingo eta etorkizuneko nondik-norakoak ardatz dituzten gaiak jorratuko dituzte.
Gehienbat hitzaldi ezberdinetan oinarrituko da egitasmoa eta gai konkretu batzuk izango dituzte eztabaidagai: sorkuntza, iraunkortasuna, produktuari balioa ematea, teknikak, kultur nortasuna kontuan hartzen duen sukaldaritza, gastronomiaren garapena eta sukaldaritza esparruko ikerketa eta berrikuntza, besteak beste.
Era berean, beste zenbait gairen inguruko ikastaroak eskainiko dituzte, hala nola, gozogintza, zerbitzua eta aretoa, koktelgintza, enpresa kudeaketa, zientzia eta sukaldaritza, elikadura berrikuntza edota kultura eta gizartea.
Hitzaldi guztiak Zoom Academy erremintaren bitartez emango dira eta ikasleek BCCko Elearning plataformaren bitartez ikuskatu ahal izango dituzte. Graduko, ikastaro eta master ezberdinetako ikasle guztiek izango dute proiektuaz gozatzeko aukera, baita ikasle ohiek ere.
Koronabirusaren pandemiaren harira, asko kaltetu da sukaldaritza sektorea nazioartean nahiz Euskal Herrian. Baina, Basque Culinary Centerrek egoera latz horri aurre egin dio, bide berriak abian jarriz eta gastronomia arloko prestakuntzaren eta ikerketaren aldeko apustu galanta eginez.