Basque Culinary Centerrek irailaren 3an abiatuko du ikasturte berria
Datorren denboraldian osasunarekin erlazionatutako berrikuntza ugari erantsiko dituzte
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 5 ekaina 2020, 00:40
Basque Culinary Centerrek irailaren 3an abiatuko du ikasturte berria. Datorren denboraldian osasunarekin erlazionatutako berrikuntza ugari erantsiko dituzte. Erakundeko arduradunek eman dute albistearen berri prentsa ohar batean. Hala, Gastronomia eta Sukaldaritzako Arteen graduko eta zortzi masterretako ikasleek pixkanaka ohiko egoera batera itzultzea bilatuko dute.
Zentroko ikasleek prestakuntza espezifikoa jasoko dute koronabirusaren inguruan. Era berean,talde bakoitzean ikasle kopurua murritzagoa izango da elkarren arteko segurtasun distantziak zabalagoak izan daitezen. Gainera, irakasleek arreta personalizatuagoa eta eduki praktiko gehiago emango dituzte, ikaskuntza-dinamika berriak ezarriz.
Ikasle guztiek ostalaritzako enpresentzat espezifikoki sortutako bi prestakuntza jarriko dituzte martxan: elikagaien higieneari eta segurtasunari buruzkoa, alegia. Aurrerantzean bi protokolo horiek betetzea ezinbestekoa izango da zentroan. Erakundeak 60.000 maskara erosiko ditu, protokolo guztiak behar diren bezala bermatu daitezen.
Joxe Mari Aizega zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Basque Culinary Center prest dago ateak berriro ere irekitzeko. Hortaz, ikasleek ikaskuntza-prozesuan jarraitzeko aukera izango dute, zentroaren hezkuntza-ereduaren oinarrizko elementuei eutsita. Izan ere, erakundearen parte garrantzitsuena dira ikasleak eta euren egunerokotasunean segurtasuna bermatu behar dute.
Basque Culinary Centerren goi-mailako prestakuntza ematea, ikertzea, eta gastronomia eta elikadura berritzea eta sustatzea ditu xede. Erakundea nazioartean aitzindaria den erakunde akademikoa da. Mondragon Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien Fakultate batek eta Ikerketa eta Berrikuntza Zentro batek osatzen dute.