Borrar
Arriaga Antzokia
Basileako Antzokiko Balletaren hiru pieza, Arriaga antzokian

Basileako Antzokiko Balletaren hiru pieza, Arriaga antzokian

Dantza garaikideko hiru lan interpretatuko ditu antzoki bilbotarrean ostiralean eta larunbatean

El Correo

Lunes, 20 de mayo 2019, 00:38

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Basileako Antzokiko Balletak Hofesh Shechter, Jirí Pokorny eta Bryan Arias koreografoen hiru dantza garaikideko hiru lan interpretatuko ditu Bilboko Arriaga antzokian ostiralean eta larunbatean, maiatzaren 24an eta 25ean. Hainbat herrialdetako lehen mailako dantzariak biltzen dituen konpainia da Basileakoa, eta, antzoki bilbotarretik jakinarazi dutenez, «oso desberdinak eta osagarriak diren» hiru koreografiak taularatuko ditu.

Londresen bizi den Hofesh Shechter koreografo israeldarraren 'The fools' izango da konpainia suitzarrak aurkeztuko duen lehen lana, «itzalez betetako munduan bizirik irauteari buruzko dantza dardaragarriaren adibide argia». Antolatzaileen arabera, gainera, «energiaz eta intentsitate handiz beteta» dagoen pieza da, eta «dantza indartsua eta oso erritmikoa» ditu.

Programako bigarren lana Jirí Pokorny koreografo txekiarrarena izango da: 'Day 'without' nigh'. «Kontrastez betetako munduaren eta polaritatearen funtsa» deskribatzeko, koreografiak Persiako mistizismoa eta poesia hartzen ditu inspirazio iturri. «Kontraesankortasunak tentsioa sortzen du eta hori, azken finean, harreman mota bat da. Gaua eta eguna kontrakoak dira, baina batak bestea behar du, eta kontraposizio hori oso pasarte oroitarazleen bitartez islatzen da», azaldu dute Arriagatik.

Bukatzeko, 'This is everything' lana taularatuko du Basileako Antzokiko Balletak. Jatorriz Puerto Ricokoa den eta New Yorken bizi den Bryan Arias koreografoaren piezak «lasaitasuna erakusten eta intimitate zintzoa transmititzen du, benetan gu geu garen eta elkarren artean modu irekian, babes barik, komunikatzen garen une gutxi horiek bilatuz».

Adituen arabera, Basileako Antzokiko Balleta Europako dantza garaikideko talde garrantzitsuenetakoa da. Ballet klasikoaren eta dantza garaikidearen lengoaia menderatzen ditu, dantzaren estandar gorenak birtuosismoarekin eta adierazkortasun inspiratuarekin uztartuz. Richard Wherlock koreografo bikainak 18 urte baino gehiago daramatza taldea zuzentzen, eta munduko onenen artean jarri du, dantza neoklasikoan zein dantza garaikidean.

Emanaldiak arratsaldeko 19:30ean hasiko da, maiatzaren 24an zein 25ean, eta sarrerak salgai daude, 12 eta 42 euro artean, www.teatroarriaga.eus web orrian, 946 850 850 telefonoan eta antzokiko leihatilan, aldez aurreko salmenta ordutegian.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios