https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Baserria baserri

Laudioko San Blas Eguneko Azokan radizioa da txerria erakustea animaliaren hil-pisua asmatzeko./Sandra Espinosa
Laudioko San Blas Eguneko Azokan radizioa da txerria erakustea animaliaren hil-pisua asmatzeko. / Sandra Espinosa
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

San Blas Eguneko azokara etorri ziren Bilbon bizi diren bi lagun. Laudion, egun inportantea da San Blas. Baserriko lanabes eta eskulangintzaren erakusketa dago, bai eta herri kirolak, hurritz makilaren lehiaketa, dantzak, musika, taloak eta salmentarako postu anitz. Gainera, herriko baserritarrei omenaldi hunkigarria egiten zaie; aurton, herriko bi emakume izan dira protagonista. Nire lagunek gazta eta euskal pastelak erosi zituzten, eta txakolin batzuk edatera gindoazenean, garabi batetik eskegita zegoen txerri handi baten gorputz hila seinalatu nuen, goitik behera irekita zegoen. Ondo erreakzionatu zuten bilbotarrek, irudia ez da oso atsegina, egia esan. Tradizioa da txerria erakustea animaliaren hil-pisua asmatzeko. Arratsaldeko zortzi eta erdietan txerria pisatzeari ekiten diote, eta pisua asmatu duenak hainbat opari irabazten ditu. Txerriaren irudia nahiko desatsegina izan daiteke, baina urtero ikusten dugunez, laudiotar gehienok ohituta gaude; izan ere, orain dela urte pare bat elkarte animalista batek protestatu zuen. Ziur asko, denboraren poderioz, San Blas ospatuko da, baina txerririk gabe. Egia esan, ez zait ulergaitza suertatzen; gero eta sentsibilitate handiagoa dugu horrelako gaiekin. Hori bai, landa-eremua ondo asko zaintzen dute baserritarrek, nik uste, eta jakituria harrigarri baten jabe dira. Nekazaritzaren etorkizuna bermatzen ez bada, landak desertu edo parke tematiko bihurtuko diren beldur naiz ni. Kontraesanak kontraesan igarotzen ditugu egunak. San Blas egun hori txerriaren pisuarekin bukatu zen: 393 kilo. 'Terencio XI' deitzen zen animalia.

Gaur egungo baserriak ez dira aspaldiko baserriak bezalakoak, merkatuak ere asko aldatu dira, baina hala eta guztiz ere, kostata mantentzen dute antzinatik datorren bizimodu bat. Nekez. Laboaren txoria datorkit burura baserrietan pentsatzen dudanean. Animaliak baserritik ken ditzakegu; gazta egiteari utzi ahal diote baserritarrek, euliak uxatu, simaurraren usaina aldendu, bainan honela ez zen gehiago baserria izango. Eta guk baserria genuen maite.

Temas

Euskera