Basauriko 'Bizi Kirola Euskaraz' jardunaldia larunbatean ospatuko da
Basauriko 17 kirol elkartek parte hartuko dute 'Bizi Kirola Euskaraz' jardunaldian
Euskarak gizartearen esparru guztietan egon behar du, eta, jakina, baita kirolean ere; are gehiago etxeko txikienei buruz ari bagara. Bada, Basauriko 17 kirol elkartek jakinarazi dute bat egingo dutela 'Bizi Kirola Euskaraz' jardunaldian irailaren 14an. Artunduaga kiroldegian izango da, eta pabiloi nagusian, frontoian, kirol geletan eta tenis aretoan izango dira jolasak, denak euskaraz eta 6 urtetik gorako umeei zuzenduta.
'Bizi Kirola Euskaraz' ekimenaren 17. aldia izango da aurtengoa. «Herrian kirol ekitaldien artean egonkortuta dagoen ekintza da, herritarren eta kirol elkarteen parte hartze zabala izaten du eta kirolean euskarazko ohiturak bultzatzeko tresna bihurtu da», esan dute Basauriko Udaleko arduradunek.
Nola funtzionatzen du? Jokoekin hasi aurretik, parte hartzaileek kiroldegiaren sarreran dagoen kontrol gunean hartu beharko dute 'Bizi Kirola Euskaraz' txartela. Horrela, kirol proba bakoitza bete ondoren, partaide bakoitzari sarreran emandako txartela zulatuko diote.
«Gutxienez bost kirol proba egiten dituenari kamiseta bat emango zaio opari, eta zirkuituko proba guztiak edo denak bat izan ezik eginez gero, kamisetaz gain, beste opari berezi bat ere jasoko dute partaideek», nabarmendu dute.
Bederatzi kirolek osatuko dute aurtengo zirkuitua: atletismoa, halterofilia, saskibaloia, irristaketa, eskubaloia, futbola, karatea, aikidoa, esku pilota eta mahai tenisa. Kirol bakoitzean ariketa batzuk ikasi eta praktikan jarriko dituzte parte hartzaileek, eta guztira 25 bat ariketa izango dira.
Zehazki, Artunduaga Atletismo Eskolak, Basauri Eskubaloi Taldeak eta Eskubaloia Base Basaurik, Nagusia Kirol Elkarteak, CD Basconiak, Baskonia Futbol Eskolak, Basauriko Kimuak-ek, Halterofilia Urbik, BSK Basauri Saskibaloi Klubak, Arturbi Saskibaloi Taldeak, Bidebieta Pelotazale Klubak, Javi Conde Atletismo Egokituko Taldeak, Basauri Mahai Tenis Klubak, Indartsu Klubak eta Basauri Harrobik, Basroller Kirol Elkarteak eta Aikido Bizkaia Klubak parte hartuko dute.