https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bart ze lo ona!

Bartzelonako Borne merkatua, joan den astean./
Bartzelonako Borne merkatua, joan den astean.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Hemen egon nintzen lehenengo aldian, gurasorik gabeko nire lehen bidaia egin nuen. Txus eta biok The Rolling Stones ikustera etorri ginen, egun osoan zehar egindako tren bidaia batean. Aste bat inguru egon ginen, El Clot auzoko pisu batean, nire izeko baten etxean. 'Grisen' zaldunek goizetik inguratu zuten Las Arenas-eko zezen-plaza. Arratsaldean, plazan sartzen ari ginela, ke-pote bat bota zuten -oraindik ez dakit zergatik- eta segundo batzuen buruan, arnasa hartu ezinik, bertan hilko nintzelakoan egon nintzen. 'Altamont' zorigaiztoko jaialdiaren errepikapena omen... Baina ez. Lainoa garbitu ostean emanaldiaz gozatu genuen. Munduaren erdi-erdian sentitzen ginen. Baina ikuskizuna hasi besterik ez zen egin.

Hemen egon nintzen lehenengo aldian, ibilaldi luze baten ostean, Catalunya plazako egurrezko aulkietan jesarri ginen lasai asko. Herrenka zebilen adineko gizon hura «zerbitzua» kobratzeko asmoz hurbildu zitzaigun. Hanka egin genuen berehala.

Hemen egon nintzen lehenengo aldian, Güell parkean ia ez zegoen jenderik. Han-hemenka neskameren bat ikus zitekeen, nagusien haurrak zainketan.

Hemen egon nintzen lehenengo aldian ez zen horrenbeste atzerritar ikusten. Gato Pérezek abesten zuenez: «Hay gitanos y judíos / valencianos, portugueses/ andaluces, africanos / isleños y aragoneses / y una Rambla rebosante/ de fecunda humanidad/ un oasis de tolerancia/ imposible de ocultar».

Hemen egon nintzen lehenengo aldian, Magic aretoan, Oriol Tramvia musikariak jotzen zuen eta Zeleste aretoan Paul Rivak. Hippy itxurako bizardunak 'Sisa' eta 'Companyia Eléctrica Dharma' musikarien elepeak besapean hartuta paseatzen ziren. 'Bodega Bohemia' izeneko zulo batean 'Cuplé' garaiko izarrek abesten zuten, ikusleen txantxa eta adar-jotze artean.

Hemen egon nintzen lehenengo aldian Ocaña ez zen jatetxe baten izena edo erakusketa bateko protagonista. Garai hartan Ocañak Rambletan egiten zituen bere 'performanceak' eta gehienenetan poliziak desegiten zituen ostiaka eta artista komisaldegira eramaten zuen, atxilotuta. Garaiko Rambletan ez zegoen giza-estatuarik, ez eta jihadisten atentaturik ere. Lore eta prentsa saltzaileez aparte musikariak eta ezkerreko alderdien postuak zeuden ugari. Guztien gainetik PSUCeko komunistak ziren nagusi. Garai hartako nazio-aldarrikapenik bortitzena 'Volem L'estatut' zen, eta kamiseta askotan zegoen ikusgai.

Hemen egon nintzen lehenengo aldian txalekoak eta txima luzeak asko eta asko ziren mutilen artean. Neska askori titiburuak sumatzen zitzaizkien elastiko azpian Carly Simonen erara.

Hemen egon nintzen lehenengo aldian, Txus eta biok hamasei urte genituen eta ez geneukan ez begirik ez belarririk aski, inguratzen gintuen guztiaz jabetzeko. Bizitza luze, zabal eta zirraraz betea omen geneukan gure aurrean; Bartzelona askatasunerako promesa bat zen.

Bizitzak Bartzelonara ekarri nau berriro. Hoteleko gela honen bakartasunean, horrenbeste urte pasa eta gero, bizitza zein laburra den ohartu naiz berriro. Kaleko paisaia erabat ezberdina da gaurko honetan. Imajina daitezkeen arraza eta janzkera guztietako zonbi alaiak irribarretsu dabiltza nonahi, argazki ezin hobearen bila.

Gato Pérez aspaldi hil zen eta ni, horren heldua izanik, ez naiz, egiatan, inora helduta sentitzen. Hemen egon nintzen lehenengo aldian, nolabait, hemen geratu nintzen betiko.

Temas

Euskera