https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Barrerak

Barrerak
Fotolia

Orain dela bi urte, nire auzoko bat gaixotu zen, eta ezinbestekoa egin zitzaion gurpil-aulkia

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Orain dela bi urte, nire auzoko bat gaixotu zen, eta ezinbestekoa egin zitzaion gurpil-aulkia. Gure ataria ez zegoen egokituta eta barrera arkitektonikoak kentzea erabaki genuen jabeok. Berandu ari ginen, hala eta guztiz ere. Aste honetan nire auzoko emakume hori etorri zait burura: jakin berri dugu Eusko Jaurlaritzak ordainduko dizkiela baliabiderik gabeko pertsonei etxebizitzen irisgarritasunarekin loturik dauden lanak. Adindun askok eskertuko dute neurri hori: pentsioarekin nekez egin diezaiokete aurre horrelako kostuei; batzuentzat, ezinezkoa da. Horren ondorioz, mundutik kanpo geratzen dira, nonbait.

Aurreko egunean, 94 urteko bikote bat, zazpi hamarkada elkarrekin bizi ostean, asilo ezberdinetan banatu zituzten. Euren birbilobak kanpaina bat martxan jarri zuen egoera hori salatzeko, eta hori dela eta, Andaluziako Juntak elkartu ditu berriro senar-emazteak. Gogorra izan behar du zure burua zenbaki bilakatuta ikusteak.

Arreta handia jartzen dio gizarte honek haurrei, baina oso gutxi adindunei. Edonork eramango luke bere etxera haurtxo bat, baino inork ez du nahi zahar bat bere kargu. Horrek azaltzen du nola gertatu daitezkeen hainbat egoera.

Nire auzoko andre hura behin bakarrik atera zen kalera atariko lanak bukatu ostean. Igandea zen, udaberria aurreratzen duen igande horietako bat, eta beranduegi. Agurtu nuen emakumea eta bere begietan distira hunkigarri bat sumatu nuen: bizitzan bueltan zegoen, auzoko plaza txikian. Horrela gogoratu dut beti. Egia da esaten dena: baliotsuenak diren gauzak –eguzkiaren laztana, solasalditxo inprobisatuak, kalearen marmara– ezin ordainduzkoak dira, baina dirua balio dute. Eta administrazioa eta arkitekturaren barrera guztien atzetik dirua dago beti. Gaztaroaren eta zahartzaroaren artean beste barrera bat dago, baina badago dirua baino ahaldunagoa den zerbait: denbora. Enpatiaz eskas baldin bagoaz, pentsa dezagun geure buruetan: urte batzuen bueltan, maite duzun horrengandik banatuta izatea; maite dituzun bazterretatik, isolatua. Ez gara berriro haur izango, baina –zorte pixka batekin– adindunak bai. Ez genuke ahaztu behar.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos