https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Barakaldoko ehun bat gaztek eskatu du alokatzeko laguntza, eskaera-aldiko lehenengo hilabetean

Udalak 150.000 euro dauzka 18 urtetik 35era bitarteko barakaldarren emantzipazioa bultzatzeko

ELCORREO.COM

Hilabetea pasa da Barakaldoko Udalak udalerriko gazteentzako alokairuak ordaintzeko laguntzak abian jarri zituenetik. Ehun bat gaztek gauzatu du eskaera, aldi horretan. 150.000 euroko diru-saila dauka Udalak, gazte barakaldarrei emantzipatzen laguntzeko.

Gazte asko hurbildu da Herritarrentzako Arreta Zerbitzura, laguntzei buruzko nondik-norakoen berri izateko: beharkizunak, aurkezteko epeak... «Asko izan dira interesatu direnak, beraz, beharkizunak betetzen dituztenak laguntza eskatzera animatzen ditut», esan du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.

Laguntza hori eskatu nahi dutenek Udaleko erregistro nagusian aurkeztu beharko dute dokumentazioa uztailaren 2a baino lehen. Eretza SA Hirigintza Kudeatzeko Sozietateak El Castañal kaleko 8 zenbakian dituen bulegoetan emango die arreta herritarrei: besteak beste, ordenantzan ezarritako irizpideei eta zenbatekoei buruzko informazioa emango die, edota eskaera aurkezteko behar duten dokumentazioa (NA, banku-helbideratzea, Ogasunarekin zerga betebeharrak egunean dituztela adierazteko ziurtagiria, ondasun-ziurtagiria) prestatzen eta biltzen ere lagunduko die.

Diru-laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute, gutxienez, 9.000 euroko diru-irabazi gordinak dituztenak, eta honako hauek baino gutxiago badira: 25.000 euro gordin, bizikidetza unitatea kide bakar batez osatuta dagoenean, eta, 35. euro gordin urteko, berriz, bizikidetza unitatea kide batez baino gehiagoz osatua dagoenean.

«Badakigu, ondo jakin ere, gazteek gaur egun eragozpen handiak dituztena bizitzako etapa berri bati hasiera emateko; hori horrela, ea neurri honen bidez bultzatzen dugun gure gazteen emantzipazioa, eta gazteek sentitzen duten beren Udalaren babesa», gaineratu du alkateak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos