https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Barakaldo, Gabonetarako prest

ELCORREO.COM

Barakaldok jarduera sortzailez josiko du Portu kalea Gaboak ospatzeko. Erakusketak, `Made in Barakaldo' produktu erakusketa, bigarren eskuko merkatu txikia eta Gabonetako animazioa, Barakaldoko Udaleko garapen agentziak eskainitako proposamenen artean.

Gabonetan ere egongo da bizi-bizi eta jardueraz josia Barakaldoko Portu kalea. Gaur aurkeztu du Amaia del Campo alkateak abenduaren 14an hasi eta urtarrilaren 5ean amaituko den kanpaina. "Barakaldon egindako produktuen kontsumoa bultzatzea da" ekimenaren helburua, bai eta "hiriko artisautza eta sektore sortzailea herritarrei ezagutzera ematea ere. Horretarako, bizia emango diegu Portu kalean hutsik dauden lokalei" azaldu du Del Campok.

Merkataritza biziberritzeko eta hirian sormen-ardatz bat garatzeko bidean lehen urratsak egiteko Inguraldek sustatutako `Artea eta sormena kalean' programaren barruan dago kokatua Gabonetako ekintza berezi hau.

Kanpainak dirauen bitartean, 'zentzumenak zirikatzeko' aukera ugari eskainiko ditu Portu kaleak. Pintura eta argazki erakusketak, `Made in Barakaldo' artisautza eta produktu sortzaileak, gabon-banderolak dekoratzeko tailerrak, abenduaren 21ean eta 22an. Urtarrilaren 3an eta 4an, berriz, horma-irudi artistikoak.

BISITALDI BEREZIAK

Egunotan, jarduera bereziak izango dira Portu kalean, hala nola, Nobenuvo toki-merkataritzaren 'Bigarren eskuko merkatu txikia' abenduaren 14, 15 eta 16an, Portu-Arte lokalean. Horrezaz gainera, Arte Sin Barreras Formarte Eskolako artistek eskuz margotutako koadro eta gauzak egongo dira ikusgai, abenduaren 22an eta 23an.

Bestalde, Azcona lokalean, urtarrilaren 2an, arratseko 19:00etan izango den literatur solasaldiko protagonista izango dira Elena Fernández eta Idoia Postigo idazle barakaldarrak.

Urtarrilaren 14 eta 15ean, Barakaldoko artisau eta sortzaileek landutako pieza bakarren erakusketa egingo da Filatelia, Portu-Arte, Siglo XX, Lanas, Creando Magia eta Mayara Novo lokaletan. Aukera paregabea, dekoratzeko, janzteko eta oparitzeko.

Gabonetako musika entzungo da, bai eta bertako abesbatzen kantuak ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos