https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Barakaldarrek 800 bat proposamen aurkeztu dituzte partaidetzazko aurrekontuetan

Teknikarien taldea hasi da ekimenen bideragarritasuna aztertzen, ondoren, botoetara jotzeko. Lehenengo partaidetzazko aurrekontuetan 463 proposamen egin zituzten herritarrek

ELCORREO.COM

Azaroaren 30ean amaitu zen Barakaldoko partaidetzazko aurrekontuetara proposamenak aurkezteko epea. Ekimenaren bigarren edizioan, herritarrek 800 bat ideia proposatu dituzte, 2016an jasotakoaren ia bikoitza. «Barakaldarrek argi ikusi dute partaidetzazko aurrekontuak baliagarriak direla hirian lehentasuna duten gaiak burutzeko», adierazi du Alkatetza eta Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Proposamenak egiteko epea azaroaren 15ean zabaldu zen eta hiru bide eskaini ziren: aurrez aurrekoa (Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko bulegoetan), posta elektronikoz (aurrekontuak@barakaldo.org), eta inprimakia on line betez (Udaleko bulego birtualaren bidez). Guztira, 787 proposamen jaso dira, gehienek aurrez aurreko zerbitzua erabili dute, 491 inprimaki. On line bidea aukeratutakoek 209 proposamen aurkeztu dituzte, eta posta elektronikoz, 87.

Partaidetzazko aurrekontuak kudeatzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen den talde teknikoa hasi da proposatutako 800 ekimenak aztertzen. Proiektuan parte hartzeko ezarritako betekizunak betetzen dituzten egiaztatu behar da: interes orokorreko ekimena izatea, bai eta ekonomikoki bideragarria eta legezkoa ere.

Proposamenen batek beteko ez balu ezarritako betekizunen bat, iradokizuntzat hartuko litzateke. Guztiak aztertutakoan, ildo bereko proposamenak taldekatuko dira bozketa errazago egin ahal izateko. Halaber, jasotako proposamen bakoitzak erantzun teknikoa ere jasoko du, onartua izan den ala ez, eta zein taldetan sartu den azalduz. Iaz egin zen bezala, aurten ere Udalaren webgunean argitaratuko dira partaidetzazko prozesuaren erabateko gardentasuna bermatzeko.

Prozesu hori amaitutakoan, bi urtez behin egingo den partaidetzazko aurrekontuen bigarren urte honetarako jarri diren 2,2 milio zein proiektutan erabiliko diren erabakitzeko aukera izango dute barakaldarrek. 1,1 milioi euro 2018. urtean inbertituko dira, eta 1,1 milioi euro, 2019ko proiektuetan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos