https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Baietz!

Makina txanponjale bat irudikatzen duen irudia./
Makina txanponjale bat irudikatzen duen irudia.
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Gaueko ordu txikietan, apustu etxeek gobernatzen dituzte telebistako iragarkiak. Oso iragarki itsusiak dira, zuzenak, esplizituak, pornografikoak, nolabait. Batzuetan, desatseginak dira; beste batzuetan, are desatseginagoak aurpegi ospetsuak direlako protagonistak. Zilegi da dirua irabaztea iragarkien bidez eta nork nahi duena egin dezala, baina zenbait iragarkik mugak non dauden pentsatzera bultzatzen naute. Dena den, iragarkiari aurpegia jartzen duena ez da negozio gordin horien arduraduna. Erabat normalizatuta dago apustuen kontua, kaltegarria izango ez balitz bezala. Izan ere, datuak esanguratsuak dira: Euskal Autonomia Erkidegoan 43.000 jokozale patologiko daude.

Geure gizartean apustuak egitea oso arrunta izan da beti: frontoietan eta estropadetan apustuak egin ditugu, eta apustuak egin ditugu karta jokoan ari garenean. Orain, Gabonak datoz eta ia gehienok loteria dezimoren bat erosten dugu. Loteriaren iragarkia telebistaren 'klasiko' bat bilakatu da.

Ondo azaltzen du hori Miren Gorrotxategi idazleak bere 33 ezkil nobelan: noraino heldu gaitezkeen apustuetan. Istorio horretan apustuak jokamolde zaharrak direla islatzen da. Egia da, ez gaude arazo berri baten aurrean, baina arazo horrek mutazioak izan ditu. Teknologia berriek esparru pribatura eraman dituzte apustuak. Bakardadean eta telefonoaren bidez egin ditzakegu apustuak. Bizio klandestino bihurtu da, eta horren ondorioz, betiko bizioa arriskutsuagoa da. Erraza da apustuak egitea, oso, eta kontrol handirik ez dagoenez, gazteek ere parte hartzen dute. Frustrazioari aurre egiteko egiten dute apustu askok, eta maiz, frustratuenak behartsuenak dira. Ekuazioa kontu handiz hartzeko gaia da.

Eusko Jaurlaritzak jokoari buruz ikerketa bat eskatu du. Ondo deritzot, baina neurriak hartu behar dira. Gauean, ordu txikietan, desesperazioak indarra hartzen du eta apustu digitaletan irtenbideren bat bilatzeko tentazioa nagusitzen da. Isiltasunean, bakardadean, tekla batzuk sakatuz. Jokoa ez da errenta. Baina apustuen negozioak irabazi handiak ematen baditu, neurri horiek beranduago heldu baietz!

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos