https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bai baietz da

Indarkeria matxistaren kontrako martxa, San Ferminetan./Afp
Indarkeria matxistaren kontrako martxa, San Ferminetan. / Afp
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Gizon eta mutil askorentzat emakumeon gorputza festetako osagai da. Galdetzen badiozu edonori ze hitz lotzen duen udarekin, askok esango dizute, batez ere egunotan bizitakoaren ondoren, beroa dela hitzik aproposena, oporrak aipatuko ditu beste hainbatek. Herrietako festak, beste askok.

Herriko festak esan eta nork bere irudia osatzen du burmuinean, zenbat pertsona hainbat irudi, baina gehienak era bateko nahiz besteko transgresioari lotuak. Festetan heldu ohi dira lehen aldiz etxera gaztetxoak desordutan, festetan egiten dute dantza eta salto bestela apenas mugitzen diren heldu eta zaharrak, festetan edaten dute adin guztietakoek urtean zehar edaten ez dutena.

Eta festetan ugaltzen dira sexu erasoak, hor sentitzen du gizon eta mutil gazte askok zilegi dela hortik kanpo ezin egin daitekeena, transgresioaren gailurra emakumeen gorputzaren erabileran gauzatuko balitz bezala, emakumeon gorputza festetako osagai ezinbestekoa balitz bezala. Gizonen gorputzak ez daude edonoren esku, emakumeenak bai, edonorenak dira.

Aitortu ala ez, gure herrietako festa gehienek sanferminak dituzte eredu, handik kopiatu ditugu eta kopiatzen ditugu gure herrietako ikur bilakatzen diren zerak, lepoko zapitxoa edo jaiak han eta hemen sustatzen dituzten kuadrillak, festen hasierako suziria edo arropa ardoz tindatzeko moda. Sanferminetan ohitura bilakatzen dena laster zabalduko da edozein herri edo auzotara.

Aurten, ordea, berrikuntza bat ekarri dute sanferminek, guztiok kopiatu beharko genukeen zerbait. Hain zuzen, sexu erasoen kontrako protesta zabal eta bortitza, festarako bildu zirenek egindako aldarria, hasi alkatearekin eta lagun taldeekin buka. Askoren burmuinean gelditu dira sexu erasoen kontra altxatutako eskuak, pairatutako erasoak sala daitezen bultzatu nahi duten eskuak.

Ez ezetz dela, dio dezente zabaldu den leloak, erakundeek bultzatutakoa, paretatan eta eskumuturretan adierazia, baina gaur emakume batzuk beste lelo bat bultzatzen dute, hainbat gizonen burmuinak emakume baten ezezkoa ulertzen ez duelakoan. Bai baietz da eta hori entzun ezean, ez eman aurrerapausorik. Bai baietz da, hori da aurrera egiteko ezinbesteko seinalea.

Horra beste behin gauzatu den gertakari eredugarria: hasiera batean feminista gutxi batzuen protesta izan zena milaka eta milaka gizon eta emakumeren ekimen bihurtua. Horra beste behin kale gorritik hainbat erakundetara heltzen den ekintza.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos