https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

AZTI-ren aurreikuspen onak, Kantauriko antxoaren datorren urteko arrantzarako

Antxoaren arrantza, duela urte batzuk./
Antxoaren arrantza, duela urte batzuk.

Antza denez, batez besteko errekrutamendu handia izango da , eta horrek aldeko jokaleku batean kokatzen gaitu 2019ko antxoaren kanpainari dagokionez.

EL CORREO

JUVENA kanpaina zientifikoak, AZTIk antxoa gaztearen jarraipenaren inguruan egiten duen azterketak, kalkulatu du gaur egun urte bat baino gutxiagoko 490.000 antxoa tona bizi direla Bizkaiko golkoko uretan. Datuak jasotzeko, AZTIko langileak 'Emma Bardan' eta 'Ramon Margalef' ontzi ozeanografikoetan itsasoratu ziren, eta, ondoren, jasotako datuak aztertu eta estatistikoki tratatu ditu, azkenean kalkulua zehazteko. Helarazi dutenaren arabera, kantitate hau kanpainaren media historikoa baino handiagoa da.

400 metroko sakonerara iristen diren ultrasoinuen emisioa erabiliz, oihartzunaren bitartez, antxoa gazteen biomasa kalkulatu da (490.000 tona inguru), baita horien kokapena ere (plataforma kontinentalean zein ezpondan). Halaber, ibilbidean egindako harrapaketen bitartez antxoa gazteen neurria zehaztu ahal izan da (6,3 zentimetro inguru). 2018ko JUVENA kanpainak eskaintzen duen kalkuluak aldeko jokalekua sortzen du 2019ko antxoaren kosterari dagokionez.

Gaur egun zenbat antxoa gazte dagoen jakiteak aukera ematen du datorren udan zenbat ale heldu egongo diren iragartzeko, garai horretan arrantzatzen baita espezie hori gure kostaldean, ingururako garrantzitsurik handieneko arrantza izanik. Kudeaketa jasangarria eginez baino ezin dira espeziearen biziraupena eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna bermatu, sektorean 3.500 lagun baino gehiagok egiten dutelarik lan, arrantza sektorearen eta kontserben eta elikaduraren industrien artean.

Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak eta Espainiako Ozeanografia Institutuak (IEO) finantzatutako kanpainaren datuen azterketari esker, gomendioak egin dakizkieke arrantza agintaritzei antxoaren harrapaketa onargarriei lotutako arriskuei buruz, eta, datuek hori aholkatzen badute, arrantzari ekin edo uko egin, eta baita hurrengo denboraldirako antxoaren Urteko Harrapaketa Kopurua gomendatu ere.

Hamar espezie desberdin

Hala ere, JUVENA kanpaina antxoa gazteen ugaritasuna eta Bizkaiko golkoan zehar nola banatzen den zehaztea baino gehiago da. Azken urteetan, kanpainak bere azterketa eremua zabaldu du, eta baliabidearen ikuspegi ekosistemiko batera pasatu da. Ikuspegi horren barruan, antxoa gaztearen ugaritasuna aztertzeaz gain, ekosistema berean dauden pelagiko txikien komunitate osoarena ere ikertzen da, horien artean antxoa heldu, sardina, txitxarro eta berdelarena.

Gainera, ekosistema pelagiko osoa ezaugarritzen duten ingurumen faktoreak ere aztertzen dira, hala nola ur zutabearen tenperatura, gazitasuna edo uhertasuna. Zenbat elikagai dagoen ere hartzen da kontuan, plankton mota desberdinen banaketa espaziala eta ugaritasuna aztertuz.

Azkenik, ekosistemaren kate trofikoaren azterketa osatzeko, azken urteetan, AZTIko ikertzaileek Bizkaiko golkoko itsas harrapari handien banaketa espaziala aztertu dute JUVENA kanpainan. Horretarako, itsas hegazti eta ugaztunen banaketa eta kopurua aztertu dute, dauden espezieei buruzko informazioa jaso dute, eta bidean bistaratutako indibiduoen kopurua eta portaera analizatu dute.

Itsas ugaztunei dagokienez, hamar espezie desberdin hauteman dira, eta izurde arruntaren kopurua nabarmentzen da, atzetik dituela zere arrunta eta izurde handia. Itsas hegaztiei dagokienez, berriz, banaketa eta kopurua aztertu dira, eta 18 espezie desberdin hauteman dira. Nabarmentzen dira zanga, gabai handia eta kaio iluna.

Antxoa urtetik urtera asko aldatzen dela kontuan hartuta, eta ingurumen faktoreek nabarmen eragiten dietela gazteen biziraupen, hazkunde eta ugalketari, espero da osatutako ikuspegi ekosistemikoak aukera emango duela biziraupenari eragiten dioten prozesuak hobeto ulertzeko.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos