«Azokak abenduko zubitik haratagoko kultur kontsumo handiagoa eragiten du»
Siadecoren ikerketa soziologikoak hiru xede talde hartu ditu kontuan: sortzaileak, eragileak eta bisitariak
Inork ezin du zalantzan jarri Azoka euskal kulturaren urteko erakustokirik handiena dela. Hala ere, pertzepzio hori datuekin elikatu behar da, eta horregatik, Gerediaga Elkarteko antolatzaileek Siadeco ikerketa elkarteari eskatu zioten iaz ekitaldiaren indarguneei eta ahuleziei buruzko azterketa sakona.
Bada, urtebeteko jardun eta datuen analisi sakonaren ostean, Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariek gehienbat 2024ko datuak kontuan izan dituen ikerketaren emaitzak eskaini dituzte, Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzailerekin batera Talaia aretoan egindako agerraldian. Lehenengo ondorio gisa, Durangoko Azoka «euskarazko sorkuntza eta zaletasuna hauspotzeko oso garrantzitsua» dela jakinarazi dute, baita abenduko zubitik haratagoko «kultur kontsumo handiagoa eragiten» duela ere. Halaber, «kulturgintzari ematen dion ikusgarritasuna handia» da.
Ikerketa osatzeko hiru xede talde aztertu dira: sortzaileen esparrua, kulturgintzako industriaren eragileena eta kulturzale edota bisitariena. Bisitariei dagokienez, 16 urtetik gorako 800 kulturazaleren ikuspuntua aztertu dute ikerlariek. Eta hauek dira atera daitezkeen datu nagusiak: horietatik, %65ek azokara etortzeko duten arrazoi nagusia euskarazko produktuak erosiz euskaraz sortutako kulturgintza hauspotzea da. Era berean, Durangoko Azoka urteroko jazoera kultural garrantzitsua da gehienentzat, izan ere, kulturazaleen ia %90ak behin baino gehiagotan bisitatu baitu. Gainera, bisitarien % 70ek maiztasunez kontsumitzen dute kultura bere adiera ugarietan.
Euskararen ezagutza azterturik, Durangoko Azokara datozen kulturazale edo bisitarien %92 euskal hiztunak dira. Erabilerari dagokionez, bisitarien erdiak euskara darabil, batik bat, bere ohiko bizitzan. Eta genero arloan, emakumezkoak dira bisitarien gehiengoa, %58. Emakumeen partaidetza bereziki handiagoa da bisitari gazteen artean, non proportzioa %65era iristen den. Bistarien bi heren 45 urtez azpikoak dira, jaialdiaren gaztetasuna agerian utziz.
Sortzaileen prekarietatea
Halaber, iazko edizioan parte hartu zuten 129 sortzaileren iritzia ezagutu ahal izan da ikerketaren bidez. Nabarmentzekoa da gutxiengoa direla (%20) kultur ekoizpena ogibide bakar dutenak. Zentzu berean, %12 baino ez da sorkuntza lanetik bizi, betiere ziurgabetasun handiarekin. Hala, datuek azalerazi dute sortzaileen prekarietate maila beste sektore industrial batzuetan baino dezente handiagoa dela, izan ere, aztertutako sortzaileen %55i diru sarreren %20 baino gutxiago datorkie sormen lanetik. Hori guztia kontuan izanda, azpimarratzekoa da sortzaileen %90ek «garrantzi handia» aitortzen diotela Azokari beraien jardunean, batik bat, ikusgarritasuna ematen dielako. Aipagarria da sortzaileen herena (%30,9) 35 urtez azpikoa dela.
Siadecoren ikerkertak baieztatu du industria osoaren %71k Durangoko Azoka bere kultur-produktuen sustapena eta sortzaileen promozioa egiteko baliatzen duela, eta, esan bezala, lan hori hitzorduaren ondorengo salmentetan ere antzematen da partaideen %46ren aburuz. Izan ere, Durangon izandako bisitarien %69k azoka ondorengo egunetan ere kulturgintzan kontsumitzeko asmoa berretsi du. Beraz, Azokak duen eragina ez da abenduko zubiaren egunetara mugatzen; hots, «kontsumo-palanka gisara ere eragiten du». Eta azken 3 urteetako salmenta bilakaerari dagokionez, propoltzionalki nahiko berdintsu mantendu da orokorrean.
Amaitzeko, hobetzekoak ere badaudela jakinarazi dute, izan ere, bisitarien arabera, «Landakogunea txikia geratu da eta batzuetan hainbeste jendetza egonda ezin dira liburuak eta gaierako produktuak ondo ikusi, besteak beste». Aparkatzeko arazoak ere nabarmendu dituzte, baita garraio publiko gehiago behar direla ere beste tokietatik etortzeko.