https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Azken eguneratze lexikalak sareratu ditu Euskaltzaindiak

Erabilera maiztasun handiko hitzak eta nazioarteko etnia desberdinei deitzeko era egokiak sareratu dituzte, eta hainbat sarreratan definizioak moldatu edo osatu dituzte

AMALIA IBARGUTXI

Hizkuntzak etengabe eraldatzen dira, eta berritasun horiek gizartera ekartzeko, urtean bitan ematen du Euskaltzaindiak eguneratzeen berri. Azken sei hilabeteotan, 466 sarrera eta 392 azpisarrera berri arautu ditu Akademiak, eta horiekin batera, beste 462 sarrera moldatu ditu. Erabilera maiztasun handiko hitzak eta nazioarteko etnia desberdinei deitzeko era egokiak sareratu dituzte, eta baita ere, hainbat sarreratan definizioak moldatu edo osatu ditu Akademiak.

Etengabe osatzen eta berrikusten dute hiztegia, eta 2017tik urtean bitan sareratzen dituzte berrikuntzak. Jaso berri dituzten eguneratzeak abendura artekoak dira. Guztira, 858 forma berri erantsi ditu hiztegira Euskaltzaindiak. Egun, beraz, 38.878 sarrera eta 7.302 azpisarrera, eta 63.507 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak orotara.

2016ko urrian jarri zen Euskaltzaindiaren Hiztegia sarean eta 2017aren bukaeran egin zen lehen eguneratzea. Tarte horretan, lehendik bildutako formak berrikusi zituen Akademiak nagusiki. 2018. urtean, aldiz, lehendik jasotakoak berrikusi, osatu eta, kasu bakanen batean zuzentzeaz gain, forma berriak hiztegiratu ditu, bai sarrerak, bai azpisarrerak.

Akademiak jaso dituen forma berrien artean daude gaurko corpusetan erabilera maiztasun handiko hitzak. Adibidez, autogestionatu, inpunitate, kebab, ludopatia, mediateka, mintzalagun, nanoeskala, taliban, trekking, wifi, ziklogenesi, lan(-)baldintza, nahi gabeko ondorio, segurtasun(-)uhal, sexu(-)jazarpen edota zergak arindu gehitu dituzte.

Euskaltzaindiaren beste arau batzuetatik jasotako lexiko orokorrari dagozkion formak dira, bestalde, erromani, eskimal, guantxe, navajo, rapanui, rohingya, tuareg eta uigur.

Halaber, hainbat sarreratan definizioak moldatu edo osatu dira, baita adiera, adibide, lotura edo markak ere.

Gainera, sarrerako buruaren forma aldatu da bost kasutan. Adibidez, 'dirulaguntza' idatzi behar da aurrerantzean, lehengo 'diru-laguntza'ren ordez.

'Eukarioto' eta 'prokarioto' ere moldatu ditu, lehen 'eukariota' eta 'prokariota' zirenak, komunitate zientifikoak hala darabiltzala kontuan hartuta.

Temas

Euskera