https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aviron Bayonnais talde lapurtarra, Euskal Errugbi Ligaren lehen txapelduna

Aviron Bayonnais talde lapurtarra, garaipena ospatzen./Irekia
Aviron Bayonnais talde lapurtarra, garaipena ospatzen. / Irekia

EBRC-Euskal Errugbi Ligaren azken bi partidak Altamira estadioan jokatu dira eta euskal errugbiaren hiriburua bihurtu dute Ordizia gaurko jardunaldian

EL CORREO

Aviron Bayonnais talde lapurtarra bilakatu da Euro Basque Errugbi Challenge txapelketaren lehen irabazlea, Biarritz Olympique-Pays Basque taldea gailendu ostean eta, era berean, Ordiziak Angelu mendean hartu eta gero. EBRC-Euskal Errugbi Ligaren azken bi partidak Altamira estadioan jokatu dira eta euskal errugbiaren hiriburua bihurtu dute Ordizia igandeko jardunaldian. Arola Urdangarin Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdeko jarduneko zuzendaria eta Mathieu Bergé Euroeskualdeko ordezkaria izan dira lehen txapelketa honen garaikurra emateko arduradunak.

Talde baionarra 17-10 nagusitu da gaurkoan, lehen zati bikaina egin ostean. Avironek zein Biarritz Olympiquek espoir-ak (23 urtetik beherakoak) eta lehen taldeko profesionalak uztartu dituzte beren gaurko taldeetan. Eta bi taldeen arteko areriotasuna islatu egin da berdegunean.

Ordiziak ere gaurko finaleko partida irabazi egin du, 50-7 Angelu mendean hartuz. Ordiziak ez du kalerik egin nahi bere zaleen aurrean eta oso partida serioa egin du hasieratik. Txapelketa osoan izandako emaitzak kontuan hartzen direnez, ordea, Aviron bihurtu da txapeldun, ez baitu norgehiagokarik galdu txapelketan. Biarritz Olympique taldea, berriz, bigarren sailkatua izan da sailkapen orokorrean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenaren arabera, EBRC-Euskal Errugbi Ligaren lehen edizioa proiektu pilotu moduan antolatu da, ligaxka-formatuan, abuztuaren 17tik irailaren 7ra bitartean. A taldean, Aviron Bayonnais, Hernani eta Getxo taldeak lehiatu dira, eta B taldean, berriz, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet, Ordizia eta Bera taldeek parte hartu dute. Proiektu honen antolatzaileen asmoa da berori finkatzea eta datozen urteetan lehiaketa zenbait hilabetez luzatzea. Lehen edizio honen balorazioa «oso positiboa» izan da, G-7aren goi-gailurrak eragin zituen gorabeherak bideratu behar izan diren arren. Arazo horien ondorioz, hiru partida bertan behera geratu ziren eta finala bi partidatan erabaki behar izan da. Hala ere, horren ondorioz, hain zuzen, errugbi jardunaldi ederra bizi izan da Altamira estadioan, jendez gainezka bi norgehiagokatan. Esan bezala, Aviron bihurtu da txapeldun, ez baitu norgehiagokarik galdu txapelketan.

Temas

Euskera