https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Auzolandegietan parte-hartu duten 150 gazteek euren udako jarduerak amaitu berri dituzte

Auzolandegietan parte-hartu duten 150 gazteek euren udako jarduerak amaitu berri dituzte
Gazte Aukera

Egitasmo guzti hauetan dibertsitate funtzionala duten gazteek hartu dute esku

UNAI SARRIUGARTE

Auzolandegietan parte-hartu duten 150 gazteek euren udako jarduerak amaitu berri dituzte. Aurtengo deialdian gazteek Agurainen, Arraia-Maeztun, Gaubea-Valdegovian, Lemoan, Sopuertan, Lekeition, Zamudion eta Bergaran jardun dute. Abuztuaren 15ean amaitu ziren ekintzok. Guzti hauetan dibertsitate funtzionala duten gazteek hartu dute esku.

Zortzi Auzolandegitan jardun duten 150 gazteak Euskadiko herrietatik, Espainiako beste erkidego batzuetatik eta Europako beste eskualde batzuetatik etorritakoak dira. Egonaldi hauetan hainbat esparru ezberdin landu izan dituzte: adineko pertsonei arreta emateko eta dinamizatzeko, ondare historikoa eta naturala berreskuratzeko edo bizikletan ibiltzeko bide berriak zabaltzeko lanak besteak beste.

Auzolandegia Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria zuzendaritzak antolatzen du. Egitasmo hau gazte-talde ezberdinek euren oporretako hamabost egun aterpetxetan egonaldia partekatzeko erabili ohi da. Bertan, eduki sozialeko lanak burutu dituzte, denbora librea eta bestelako kultura eta kirol-jarduerak landuz.

Aurten zazpi auzolandegi ezberdin antolatu dira. Hauetako asko ingelesez jorratu dira. Aguraingoan (Araba) Pedrokoko hezegunea eta Aguraingo ingurune berdea berreskuratzen eta garbitzen jardun dute. Lemoakoan (Bizkaia), berriz, arkeologia-lanak egin dituzte, 1936-1939 gerra zibileko ondarea eta memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin. Gainera, Valderejoko Parke Naturalean ingurumena berreskuratzeko lanak egin izan dituzte.

Era berean, Arraia-Maeztuko (Araba) egonaldian San Ildefonso asfalto-fabrikan berreskuratze arkeologikoko lanak egin dituzte; Lekeitiokoan (Bizkaia) Uribarren Abaroa Egoitzako adineko pertsonekin dinamizazio soziokulturaleko jarduerak jorratu dituzte; Sopuertakoan (Bizkaia) bizikletentzako bide bat eraiki dute; Zamudiokoan (Bizkaia) gizarte-ekintzako lanak burutu dituzte; eta Bergarakoan (Gipuzkoa) belaunaldien arteko trukatzea egin dute Mizpirualde Egoitzan.