https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Auzolandegiak programak 170 plaza eskainiko ditu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako gazteen artean

Auzolandegiak programaren kartela./
Auzolandegiak programaren kartela.

Hiru auzolandegi nazioarte eremukoak izango dira, eta bost estatu eremukoak

EL CORREO

Auzolandegiak programak 170 plaza eskainiko ditu Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan banatuta. 2019an zortzi auzolandegi egingo dira, 15 eguneko txandetan, Lekeitiokoa izan ezik, horrek bi txanda izango baititu. Hiru auzolandegi nazioarte eremukoak izango dira, eta bost estatu eremukoak. Izena emateko epea apirilaren 16tik 24ra bitartean egongo da zabalik, eta hemen dagoen inprimakia bete beharko da.

Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak adierazi duenez, programaren bidez, 18 eta 26 urte bitarteko Euskadiko 170 gazte inguruk Euskadiko, beste autonomia erkidego batzuetako eta atzerriko auzolandegietan parte hartu ahalko dute. Plazen trukean, beste erkidego batzuetako 100 gaztek eta atzerriko 50 gaztek Euskadiko auzolandegietan parte hartzea aurreikusi da.

Gauzak horrela, datorren udan Euskadiko auzolandegietan parte hartzen dutenek hainbat jardueratan parte hartuko dute, besteak beste, hezegune bat berreskuratzea Agurainen, arkeologia indusketa egitea Maeztun, Gaubean Villamordoneseko eremua egokitzea, Sopuertan bidegorri bat gaitzea, Bergarako eta Lekeitioko egoitzetan adineko pertsonak dinamizatzea, Lemoan lubakiak eta memoria berreskuratzea eta Zamudion ahultasun nutrizionaleko egoeran dauden pertsonei elikagaiak banatzea eta laguntzea.

Lemoako, Gaubeako eta Aguraingo auzolandegiak nazioarte eremukoak izango dira, eta atzerritarrak izango dituzte. Erreferentziazko hizkuntza ingelesa izango da. Gainerako auzolandegietan hainbat autonomia erkidegotako gazteek parte hartuko dute, eta erreferentziazko hizkuntzak euskara eta gaztelania izango dira.

Gainera, urtero bezala, plazak eskainiko dira estatuko beste autonomia erkidegoetan eta atzerrian dauden auzolandegietarako. Atzerrian, Alemania, Armenia, Estonia, Frantzia, Grezia, India, Islandia, Italia, Letonia, Maroko, Nepal, Txekiar Errepublika, Errusia, Serbia, Taiwan eta Turkian egingo dira auzolandegiak. Baldintzak betetzen badituzu, ez ezazu pentsa eta anima zaitez!