https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Auzoan Artez', kultur-bitartekaritzari buruz hausnartzeko jardunaldiak, Barakaldon

'Auzoan Artez', kultur-bitartekaritzari buruz hausnartzeko jardunaldiak, Barakaldon

«Konpainiok, sortzaileok, jakin badakigu eduki eta tresna baliagarriak ditugula geure auzoan edo eta herritargoan bitartekari edo zubi gisa aritzeko», azpimarratu dute ekimenaren antolatzaileek

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

'Auzoan Artez' jardunaldiak izango dira maiatzaren 2an eta 3an, Barakaldo Antzokian. Artekale Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkarteak antolatutako ekitaldian kultur-bitartekaritza zer den hausnartuko dute parte hartzaileek, eta, ekimen ezberdinak aurkezteaz gain, Erresuma Batutik, Bartzelonatik, Zaragozatik eta Errenteriatik heldutako «adibide interesgarriak» ezagutu ahal izango dira. «Helburua da bitartekaritzaren gakoak ezagutu eta gure herri eta auzoetan ezartzera ausartu», azaldu dute antolatzaileek. Hortaz aparte, gaineratu dutenaren arabera, «konpainiok, sortzaileok, jakin badakigu eduki eta tresna baliagarriak ditugula geure auzoan edo eta herritargoan bitartekari edo zubi gisa aritzeko. Horrexegatik, eragile aktiboak izan nahi dugu geure gizartearen eraketan».

Baina zer eskainiko zaie interesdunei jardunaldi hauetan? «Arteen Sukaldea deritzogun atal honetan osagai berriak aurkeztuko ditugu (elkar-sorkuntza, sentsibilizazioa, erkidegoaren partaidetza); haiekin errezeta berriak egitera ausartuko gara (tailer praktiko baten bitartez) eta, ostera, bitartekaritzak, sorkuntzak eta kaleak berak eskainiko digutena dastatzeko aukera izango dugu», diote antolatzaileek.

Gainera, aurkezpen ezberdinak entzuteaz gain, Itziar Zorita artistak antolatutako lantegi praktiko-teoriko batean parte hartzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Azkenik, jardunaldien amaieran, Artekaleko konpainia batzuk Barakaldoko erakunde ezberdinekin landu eta garatu dituzten proiektuekin gozatzeko aukera izango da.

Esan bezala, 'Auzoan Artez' jardunaldiak maiatzaren 2an eta 3an izango dira, Barakaldoko Antzokian, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:30era bitartean, Barakaldoko Udalaren, BBK Fundazioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Izen-ematea egiteko epea gaur, apirilaren 26an, bukatuko da eta hemen klikatuz egin daiteke.

Artekale elkartea 2004an sortu zen, euskal lurraldean kaleko arteak balioan jarri, sustatu eta zabaltzeko asmoarekin. Izaera berezidun elkartea da, eta sektoreko alor ezberdinak elkarlanean bateratu ditu, hala nola konpainiak, banatzaileak, azokak eta jaialdiak, «kaleko arteen duintasunaren alde lan egiteko».

Elkartearen lan eremuak dira topaleku eta elkartruke guneen kudeaketa jaialdi, azoka eta ekitaldi berezietan, kaleko arteetan profesional direnei bideratutako formakuntza, erakundeen eta sektorearen arteko bitartekaritza lana eta kaleko arteak sustatzea eta zabaltzea. Beraz, arteak, kulturak eta arte eszenikoek errealitatea eraldatzeko ahalmena dutela uste baduzu, direla egoera pertsonalak edo talde-mailakoak, eta kultura deritzogun honetan ikus-entzulegoa ezinbestekoa dela baderitzozu, hurbildu zaitez ekimen honetaz gozatzera eta dasta ezazu aurtengo 'Arteen Sukaldea'-k eskainiko dizuna.

Temas

Euskera