https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Auzo Eszenak 20 proposamen eszeniko eskainiko ditu

Aurtengo edizioaren kartela./
Aurtengo edizioaren kartela.

Iazko proposamen kopurua gainditu du aurten

SERGIO EGUÍA

Auzo Eszena programak Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei beren proposamenak jendaurrean erakusteko aukera ematen die, eta 2018an 20 lan estreinatuko dira. Zehazki, zikloa bi denboralditan dago banatuta: otsaila-maiatza eta urria-abendua.

Kultura eta Kirol Arloko zinegotziak Estíbaliz Cantok aurkeztu zuen aurreko astean prentsaurrekoan, eta lehen denboraldi honi dagokionez hiru datu nabarmendu ditu: «lehenengo, iaz baino proposamen bat gehiago dagoela, edo hiru, 17 lan baino ez zirela estreinatu kontuan hartuz gero, eta horrek adierazten digu zeinen bizi dagoen tokiko kultura ehuna. Bigarren, taldeetako sei lehen aldiz aurkeztu direla. Eta hirugarren, beste espazio bat gehitu zaiola zikloari, Zabalganeko gizarte etxea».

Auzo Eszenaren barruko 20 lanetako hamabi programatu dira otsailaren 19tik maiatzaren 28ra bitarteko denboraldian; igandeetan izango dira emanaldiak, 19:00etan, Aldabe, Arana, Arriaga, Ariznabarra, Salburua eta Zabalganeko ekitaldi-aretoetan.

Konpainia eta artista hauek arituko dira: Asier Kidam, Ciro Dido, Imperfeccionismo Mágico, Juanjo Monago, Abarka taldea, Pánico Escénico, Titania Teatro, Latirili, El Club de los Poetas Rojos, Nisune, Sinquerer Teatro eta Tobaco Road.

Gaur jarriko dira sarrerak salgai, gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan. Prezioak 3 € eta 5 € artekoak izango dira, taldeen arabera.

Kultura Zerbitzuak espazioak eta ekipamenduak jartzen ditu, eta sarrera-salmenta kudeatzeaz, zabalkundea egiteaz, argiztapen eta soinu teknikari baten gastuez eta leihatilan bildutako dirua ordaintzeaz ere arduratzen da.

2017an programatutako 19 lanetako 17 estreinatu ziren, bi taldek baja eman baitzuten beren kabuz. Orotara 1.884 ikusle bildu ziren, aurreko urteetan bezalaxe. «Funtzionatzen duen programa da eta, gainera, arrakasta kualitatiboa du, kuantitatiboa baino garrantzitsuagoa dena, konpainia amateurrei antzezteko aukera ematen baitie», amaitu du Cantok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos