https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Australiak erreferendum batean erabakiko du aborigenak konstituzioan sartuko ote dituen

Australiak erreferendum batean erabakiko du aborigenak konstituzioan sartuko ote dituen
Fotolia

Kolektibo honek 60. hamarkadan lortu zuen bozkatzeko eskubidea

UNAI SARRIUGARTE

Australiak erreferendum batean erabakiko du aborigenak konstituzioan sartuko ote dituen. Indigenen Gaietarako Ministerioak 2022. urtera arte eman du galdeketa aurrera eraman dezaten. Halaxe aurreratu zuen ostegunean, uztailak 11, Ken Wyatt Indigenen Gaietarako ministroak.

Australiako lehen biztanleak diren aborigenak, historikotzat jo zuten aitorpen hori egitea 2017. urtean. Hauexek milaka urtez bizi izan dira herrialde honetan. 1.788. urtean hasi zen britainiarren kolonizazioa kanguruen herrialdean eta horrek Australian aborigen asko desagerraraztea ekarri zuen. Egun herrialdeko biztanleriaren %3a soilik suposatzen dute.

Wyattek zuzendutako egitasmoak arrakasta handia izan du Australian. Hori dela bide, Scott Morrison Australiako lehen ministroa oposizioarekin gai hau eztabaidatzeko prest zegoela aldarrikatu zuen, legealdi honetan konstituzioa erreformatuko ote duten erabakitzeko helburuarekin.

Wyattek maiatzean hartu zuen Indigenen Gaietarako Ministerioaren testigua. Kargu hori hartu duen historiako lehen indigena da. Ministroak aitortu zuenez: «Alderdi politiko guztietako jendearekin hitz egiteko prest nago». Izan ere, Wyattek komunitateko alderdi guztien ikuspuntua ezagutu nahi du, guztiak ados egongo diren akordio batera heltzeko helburuarekin.

Erreferendumak ezinbestekoak dira Australian 1901. urtetik aurrera. 118 urte hauetan konstituzioa aldatzeko 44 galdeketa egin dira, eta horietatik 8 baino ez dute herritarren onespena. Linda Burney indigenen gaietako oposizioko itzaleko ministroak helarazi zuenez: «Zail xamarra da bertan edozein gai erreferendum baten bitartez aldatzea».

Gaur egun aborigenek Australiako biztanleen %3a suposatzen dute, 700.000 pertsona, hain zuzen ere. Australian 23 milioi pertsona bizi dira. Zenbait adituk diotenez duela hiru mende britainiarrek aborigenak kolonizatu zituztenean, eurek 65.000 urte inguru zeramatzaten uhartean bizitzen. Aborigenek bozkatzeko eskubidea 60. hamarkadan lortu zuten.

Temas

Euskera