https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Ausardia behar da halako film bat egiteko fantasiazko zinema industriarik ez duen herrialde batean»

Paul Urkijo zinemagilea/
Paul Urkijo zinemagilea

Paul Urkijo zinemagileak 'Errementari' filma zuzendu du, Arabako elezahar ospetsuan inspiratutako istorioa

IRAITZ URKULO

Egun gutxi batzuk baino ez dira geratzen ‘Errementari’ filmaren estreinaldirako. Paul Urkijok (Gasteiz, 1984) zuzendutako lehen film luzea da, eta martxoaren 2an zinema-areto komertzialetan ikusgai egongo da, Sitges eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Jaialdietan arrakasta handia izan ondoren. Gidoi-lanetan ere aritu da Urkijo eta Joxe Migel Barandiaranek Araban 1903an jasotako ‘Patxi errementaria’ herri-ipuinean inspiratu da horren moldaketa librea egiteko. Filma XIX. mendean girotuta dago, eta deabrua bera engainatzeko gai den errementari baten istorioa kontatzen du.

-Nola sentitzen zara zure lehen film luzearen estreinaldia hain hurbil egonik? Iraganean film laburrak estreinatu aurreko sentsazio bera duzu?

-Bereziagoa da, noski. Bizitza osoa daramat zinema-zuzendaria izan nahian. Film luze bat zuzenduta benetan zinema-zuzendaria zarela sentitzen duzu. Horretan lan egiten duzula esan dezakezu. Bestalde, film luzeak irismen handiagoa dauka, beraz, pentsatzekoa da jende gehiagok ikusiko duela istorioa.

-Filma Sitges eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Jaialdietan saritua izan eta gero, aurreikuspenak baikorrak izango dira, ezta?

-Bai, oso baikorrak. Bi jaialdietan oso kritika eta komentario politak jaso ditugu bai komunikabide espezializatuetatik, bai publiko orokorrarengandik.

-Filma 'Patxi errementaria' herri-ipuin famatuan inspiratuta dago. Zergatik aukeratu zenuen istorio hori?

-Txikitatik maite dut ipuin hori. Bertan agertzen diren pertsonaiak oso bereziak dira: demonioak biktima moduan azaltzea, umore ganberroa… Betidanik pentsatu izan dut film bat egiteko osagai boteretsuak zirela. Horregatik, ipuinaren gako-elementuak hartu eta horiek garatu nituen. Pertsonaien izaeran sakondu, istorioan pertsonaia berriak txertatu, guztiak garai eta leku jakin batean kokatu nituen… eta 'Errementari' atera zen.

-Zein da filmaren argumentua?

-Istorioa 1833ko Lehen Gerra Karlista eta zortzi urte geroago gertatzen da. Arabako herrixka batean, Alfredo izeneko Diputazioko komisario batek gertakari bat ikertzen ari da eta arrastoek baso sakon batean dagoen zorigaiztoko errementeria batera daramate; bertan bizi da Patxi izeneko errementari arriskutsu eta bakarti bat. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta deabruekiko itunei lotuak. Baina egun batean, Usue izeneko neskato batek errementeria misteriotsuan sartzea lortzen du, eta agerian uzten du Patxi Errementariak ezkutatzen duen egia ikaragarria.

«Txikitatik maite dut ipuin hori. Bertan agertzen diren pertsonaiak oso bereziak dira»

-Zeintzuk dira filmaren osagai nagusiak?

-Fantasiazko film bat da, eta ipuinaren estetika bera du, iluna, une beldurgarri eta dibertigarriekin. Argazkigintzaren, artearen, jantzien eta efektu berezien aldetik, lan handia egin behar izan dugu, ezinbestekoa zen atmosfera misteriotsua eta barrokoa islatzeko.

-Filmean euskara ezberdinak entzun daitezke pertsonaien ahotan. Zergatik?

-Alde batetik, Arabako euskara erabili dugu, oso herrikoia eta berezia dena; izan ere, filmean herritarrek euskalki horretan hitz egiten dute. Bestetik, erakunde publikoetan lan egiten duten pertsonaiek euskara batua erabiltzen dute. Bi euskara ezberdin hauek narrazioa aberasten dute; are gehiago, film honetan hizkuntzak pertsonaiak bereizteko balio du. Azkenik, Ataungo euskaraz mintzatzen den pertsonaia bat ere badago, Barandiarani egindako omenaldi gisa.

-Arabako euskara aspaldi desagertu zen, beraz, hura berreskuratu behar izan duzu.

- XIX. mendeko euskara bat behar genuen eta, proiektua hasieratik landu dugunok arabarrak izanda, Arabako euskarara jotzea bururatu zitzaigun. Alde batetik, historikoki sinesgarritasuna emateko, eta bestetik, istorioari testura berezi bat emateko. Horretarako, euskal filologo ospetsu baten laguntza jaso dugu. Oso ederra geratu da, egia esan.

Kokapena

-Kokapenek garrantzi handia dute. Euskal Herriko zein txokotan filmatu duzu?

-Arabako Antoñana, Korres eta Santikurutze Kanpezun filmeko herria eta beste pare bat gauza grabatu genituen. Basoa Gorbeian, Ubidea inguruan. Eliza Itsaso herrian. Errementeriaren kanpoaldea Aiako Agorregi Burdinolan filmatu genuen, Gipuzkoan, eta barrualdea Muskizen dagoen El Pobal burdinolan, Bizkaian. Azkenik, amaierako eszena bat Arabako Miñao herriko plato batean egin dugu.

-Filmeko giroa ilun xamarra da, hotza, itogarria…

-Bai, ipuin iluna da eta atmosferak ere halakoa izan behar zuen. Niri istorio ilunak gustatzen zaizkit. Neguan grabatu genuen, gogorra izan zen, baina hotza filmean islatuta geratu dela uste dut.

-Aitzitik, umore beltza ere ageri da tarteka.

- Bai, trailerrean dirudiena baino gehiago… Ipuin beltza da. Eta pertsonaiei gertatzen zaizkien egoera asko ere dibertigarriak dira. Nire iritziz, beldur eta misterioarekiko kontrapuntu egokia da. Ikusleek asko eskertuko dute, gainera.

-Pertsonaien karakterizazioan baliabide tekniko eta efektu ugari erabili dituzu.

-1980ko hamarkadako pelikulekin hazi eta hezi nintzen; makillaje protesikoz eta efektu tradizionalak baliatuz eginikoekin. Bada, horren aldeko apustua egin dugu. Alde batetik, makillaje, protesi eta animatronik ugari erabili ditugu. Baina, bestetik, efektu digital berrienak erabili ditugu horiek behar bezala osatzeko.

-Beraz, postprodukzioan ere lan digital handia egin duzu.

-Bai. Pelikulak bisualki lan handia dauka. Urtebete luzatu da postprodukzio-fasea. Muntaia, soinua, kolorea, musika eta efektu berezi landuak ditu.

-Zein da film honen harira egin diezazuketen kritikarik onena? Zer gustatuko litzaizuke ikusleek sentitzea zinema-aretotik irtetean?

-Niretzat komentariorik politena zinema klasikoaren kutsua duela entzutea litzateke, baita oso ausartak izan garela ere tankera honetako fantasiazko pelikula bat egiten, fantasia egiten ez den herrialde batean, mota honetako industriarik gabekoa. Gustatuko litzaidake filmak publikoa entretenitzea eta, hura ikusi bitartean, berriro haurrak direla sentiaraztea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos