https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aurtengo Zinemaldiko Culinary Zinema sailean bederatzi luzemetraia aurkeztuko dira

El Kursaal./EFE
El Kursaal. / EFE

Edizio honetan hiru ekoizpen euskaldun ikusi ahal izango dira

UNAI SARRIUGARTE

Aurtengo Zinemaldiko Culinary Zinema sailean bederatzi luzemetraia aurkeztuko dira. Euskal Herriko ekoizpenak hiru izango dira. Hauen artean, Mikel Urretabizkaia kazetari euskaldunak «Gazta» film luzea aurkeztuko du, Idiazabal gaztarekin lan egiten duten artzainen eta sukaldarien ahotsekin burututako maisulana. Urbia, Aralar eta Gorbeiako mendikateetako parajeak daude ikusgai bertan.

Iñaki Arteta zinemagile bilbotarrak «Bittor Arginzoniz. Vivir el silencio» luzemetraian sukaldari ospetsu honen ibilbidea barnebildu du. Izan ere, Etxebarri jatetxea munduko jatetxerik onenen artean hirugarren postuan dago. Bertan Artetak Arginzoniz sukaldariaren eta bere taldearen nondik-norakoak aztertu ditu.

Film labur bat da hirugarren euskal ekoizpena, Igor Arabaolazaren «Zer jan, hura izan» obra, hain zuzen. Bertan gastronomiarekin erlazioa duten beste zenbait gai daude aztergai, jasangarritasuna eta transmisioa esaterako.

Zinemaldiko Culinary Zinema saila Alfred Olivery zinemagile argentinarraren «La leyenda de Don Julio: corazon & hueso» obrak estreinatuko du. Auzoko parrila zena erreferentziazko okela erretegi bihurtu duen familia baten egunerokoa aztergai duen obra da hauxe. Irailaren 21ean, larunbata, Basque Culinary Centerren eskainiko dute.

Nazioarteko sukaldaritzan erreferente diren istorioak ere aditzera emango dira sail honetan. Japoniatik, gaztagile baten istorioa erakutsiko du, batetik, Yoshihiro Fukagawa zinemagilearen «Sora No Restaurant» filmak; bestetik, Takashi Watanaberen zuzendariaren «Le Chocolat de H» lanak, gozogile entzutetsu baten xehetasunak bilduko ditu.

Gainera, Park Hye-ryoungen «The Wandering Chef» -ek sendagarrien gaia dakar. Halaber, Sergio Pierak gidatutako «Cocinar belleza» obrak Toni Segarra publizista eta Quique Dacosta sukaldari ospetsua eztabaidan jarri ditu edertasuna eta sukaldaritzaren inguruan.

Bestalde, Mariko Bobrike zuzendari poloniarrak bere ibilbideko lehen luzemetraia aurkeztuko du Zinemaldian. «The Taste of Pho» izeneko filmeak Vietnameko sukaldari baten istorioa du ardatz. Izan ere, hauxe Varsovian bizi da, eta Europako kulturara egokitzeko lanetan dabil.

Michael Leikek bere lehendabiziko film luzea du, «A Taste of Sky» pelikula. Hauxe Bolibiako La Paz hiriburuan kokatzen da eta bertan herrialde honetako gazte behartsuei bideratutako sukaldaritza telesail baten ari diren hiru gazteren nondik-norakoak ditu hizpide. Lan honek itxiko du saila, irailaren 27an, Tabakalerako LAB eremu berrian.

Gainera, Culinary Zinema sailean Espainiako Nespresso Talents lehiaketa irabazi duten hiru film laburrak ikusteko aukera egongo da: Marta Lopez eta Eduardo Peiroren «La receta de la vida», Marc Vadillo eta Marwan Sabriren «Huele a ti» eta Jose Prada eta Victoria Fresnedaren «Nouvelle Cuisine», besteak beste.

Zinemaldiak Basque Culinary Centerrekin elkarlanean antolatutako saila da Culinary Zinema. Aurten nobedade gisa, emanaldien aurretik, bederatzi lan luzeetatik zazpik afari tematikoa izango dute eta sukaldari talde ezberdin bat ariko da bakoitzean. Saio horietarako sarrerak ostiral honetatik aurrera eskuratu ahal izango dira 70 euroren truke, gainontzeko emanaldietarakoak, berriz, irailaren 15etik aurrera izango dira salgai. Hauexek Basque Culinary Centerren, Tabakalera esparruan eta Kurtsaleko Ni Neu jatetxean eskainiko dira.