https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aurtengo irakurketa jarraituak bizkaierari emango dio garrantzia 'Kresala' obrarekin

Kirmen Uribe, ekitaldiaren aurkezpenean./Jordi Alemany
Kirmen Uribe, ekitaldiaren aurkezpenean. / Jordi Alemany

Txomin Agirreren nobelaren lehenengo lerroak Kirmen Uribe idazleak irakurriko ditu bihar hamaika edizio beteko dituen ekitaldian

VIRGINIA ENEBRAL

«Garaiko 'best-sellerra' izan zen», adierazi zuen Kirme Uribek 'Kresala' obrari buruz hitz egiterakoan. Txomin Agirre bezala, Espainiako Literatur sariduna ere Ondarroan jaio zen. Agian horregatik askotan berrirakurri duela aitortu zuen. Eta horregatik, hain zuzen ere, XX. mendean argitaratutako nobelaren lehenengo lerroak irakurriko ditu Uribek ostegun honetan: 'Ipargoiko aizea, geiagoko barik, bat batera ta guztizko aserre amorratuan sartu zan Arranondoko erritxoan'.

Bihar burutuko da irakurketa jarraituen hamaikagarren edizioa. Aurten bizkaieraz idatzitako lana aukeratu dute ekimenaren antolatzaileek. «Iaz Itxaro Bordak sinatutako '%100 basque' izan zen jardunaldiaren protagonista. Liburu horren hizkera behe-nafarrokoa zen eta jauzi bat egin nahi genuen», azaldu zuen Pedro Alberdik, Bilbo Zaharra Euskaltegiko ordezkariak eta irakurketaren arduradunak. «Jauzia bikoitza izan zen», jarraitu zuen. «Alde batetik, ehun urte atzera bota genuen klasikoak errekuperatzeko, eta bestetik, Bizkaiko euskalkia berriro ekarri, ez baikenuen hori egin 'Peru Abarka' obra aukeratu genuenetik, hots, bigarren ediziotik».

Alberdiren ustez, Uribek kaleratutako 'Bilbao-New York-Bilbao' nobela 'Kresala'-ren «jarraipen bat» da. «Barne lotura bat badute», azpimarratu zuen arduradunak «urteak ez direla alferrik pasa» aitortu aurretik. Idazleak aholku bat eman nahi izan zuen. «Txomin Agirreren lana balioetsi egin behar da, bere neurrian, ezin gara erori gaur egunetik iraganari ikuspegi paternalistak egiten. James Alter-ek esaten zuen bezala, literaturan garrantzitsuena estiloa da, eta Agirreren estiloa benetan bikaina da». Liburuaren beste alde bat gailendu zuen Kirmen Uribek. «Istorioa ahalik eta irakurle gehien euskararentzat lortzeko idatzi zen».

Aurtengo edizioa «esanguratsua» dela nabarmendu zuen Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. «Bi urteurren gogoangarri ospatuko ditugulako 2018an; bata, Euskaltzaindiaren sorreraren mendeurrena, eta bestea, euskara batuaren berrogeita hamargarren urtemuga». Bestalde, Koldo Narbaizak, Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, ekimenak betetzen zuen xedea azpimarratu nahi izan zuen. «Ez du euskara bultzatzen laguntzen bakarrik, baizik eta kultura bizirik mantentzen ere. Eta horretarako, zer hobeto eta literaturaren klasikoetan murgiltzea baino».

400 lagun

Hamabi ordu jarraian irauteko 400 bat lagun txandatuko dira Txomin Agirreren obra irakurtzen. Irakurketa goizeko 8.00etan hasiko da. Kirmen Uribek zabalduko du ekitaldia eta, ondoren, euskal gizartearen arlo guztietako jendeak irakurriko ditu 'Kresala'ren pasarteak jendaurrean. Hauexek izango dira partaideetako batzuk: Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Bilboko Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia Euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak; Bilbo Zaharra Euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak, kultur eragileak, ostalariak, Gotzaingoaren ordezkariak eta ekonomista, abokatu eta ingeniarien eskola profesionaletako ordezkariak eta abar.

Tarteka, munduan zeharreko Euskal Etxeetan grabatutako irakurketa-bideoak proiektatuko dira. Ekitaldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeako pantaila batean eta eitb.eus webgunean jarraitu ahal izango da zuzenean. Bere aldetik, Azkuna Zentroak Kulturen Atarian jarriko du pantaila bat eta zuzeneko konexoak egingo ditu tarteka. Klasikoen irakurketari jai giroko bukaera eskaini nahian, musika eta dantza emanaldia izango da Arriaga Antzokiaren parean, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean. Jai honekin euskarazko ikasle guzti-guztiei omenalditxo bat egin nahi zaie baita klasikoak ezagutarazi ere. Horretarako, Bilbo Zaharra Euskaltegiak aukeratutako obraren inguruko unitate didaktiko batzuk prestatu ditu, ikastetxe, ikastola, euskaltegi eta abarretan erabiltzeko.

Nobelari testuingurua jartzeko asmoarekin, Euskaltzaindiako egoitzan burutuko diren zenbait hitzaldi antolatu dira. Gaur, 19.00etatik aurrera, Kirmen Uriberi dagokio 'Haurtzarominak Agirreri' izendutako solasaldia. Bestalde, Alde Zaharreko eta Abandoko Metro geltokietan aurreko edizioei buruzko argazkiz eta kartelez osatutako erakusketa ikusgai dago egunotan.

«Konturatu gabe gu geu klasiko bihurtu gara», bota zuen Pedro Alberdik irakurketa jarraituen aurkezpenean. Izan ere, hamaika edizio beteko dira aurten. Dena den, liburuak hautatzeko kriterioa aldatzen joan da. Lehenengo lauretan kronologia izan zen araua: 'Gero' (1643), 'Peru Abarka' (1804), 'Haur besoetakoa' (1959) eta 'Hamaika pauso' (1995). Bosgarren edizioan hautsi zuten irizpide hura, beren-beregi emakume-idazle baten liburua irakurtzeko: 'Zergatik panpox' (1979). Seigarrenean eta zazpigarrenean, berriz, urteurrenen ospakizunak erabili zituzten, 'Obabakoak' (1989) eta 'Harri eta herri' (1964) liburuek 25 eta 50 urte, hurrenez hurren, betetzen zituzten eta. Zortzigarrenean, berriz, Joseba Sarrionandiaren 'Narrazio guztiak' hautatu zuten, literaturaren independentzia aldarrikatzearren, testuinguru politikoaz harago. Bederatzigarrenean, itzulpenaren garrantzia azpimarratu zuten Kafkaren Metamorfosiarekin (1915). Iaz, ordea, estereotipoetatik ihesi eta emakumezkoen garrantzia azpimarratuz, Itxaro Bordaren '%100 Basque' irakurri zen.

 

Fotos

Vídeos