Aurtengo Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa aurkeztu berri dute
Hala, apirilaren 17an abiatuko da Izarran eta maiatzaren 22an amaituko Legutioko kiroldegian
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 30 martxoa 2021, 14:40
Aurtengo Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa aurkeztu berri dute. Hala, apirilaren 17an abiatuko da Izarran eta maiatzaren 22an amaituko Legutioko kiroldegian. Izan ere, udazkenean Arabako Txapelketako lau kanporaketa saio egin ondoren, koronabirusaren alarma egoeraren ezohikotasunak eta ziurgabetasunak bultzatuta, banakako txapelketaren forma aldatzea erabaki zuten.
Hortaz, bertsolariek oholtza gainean lasai abesteko baldintzarik egokienak ahalbidetzen ez zirenez, egoeraren aldakortasun etengabeak berak sortu zitzakeen nondik-norakoak izan dira erabakia hartzeko arrazoi nagusiak.
Hori dela medio, txapelketak arabar bertso komunitatean duen garrantzia aintzat harturik, egitasmo honen eragileek bertso plaza eta bertsozale kultura sustatzeko ahaleginean jarraitu nahi izan dute hor nonbait. Hori dela medio, Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa ospatuko dute, bertsolariak binaka taularatuko direlarik.
Aipatu bezala, txapelketako lehenengo final laurdena apirilaren 17an ospatuko da Izarran, eta, maiatzaren 22an amaituko Legutioko kirolgunean. Era berean, tartean beste bi final laurden eta 2 finalerdi ospatuko dira, Araian, Oion, Amurrion, eta Gasteizen.
Orotara 18 bertsolarik osatutako 9 bikote arituko dira nor baino nor final laurdenetan, 6 bikote finalerdietan eta 3 bertsolari bikote finalean. Gainera, bertsolari bakoitzak behin baino ez du abestuko fase bakoitzean. Final laurden eta finalerdiak aretoetan jokatuko dira eta finala Legutioko kiroldegian.
Nahi duen edonork Arabako Binakako Bertsolari Txapelketaren jarraipena Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean, bertsozale.eus/araba/binakako-txapelketa, bertsolaritzaren ohiko kanalean, bertsoa.eus edota sare sozialetan jarraitu dezake.