https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aurreskua, euskal dantza eta folklorearen protagonista

Aurreskua, euskal dantza eta folklorearen protagonista
Blanca Castillo

Euskal lurraldean gehien dantzatu izan den modalitatea da

UNAI SARRIUGARTE

Aurreskua Euskal Herriko dantza tradizional bat da, hotsanditasun eta dotoreziaz jantzia, omenaldi gisa edo begirunez, komunitateko pertsonai pubikoen aurrean dantzatu ohi dena.

Ohorezko dantza denez, egun euskal lurraldean mota guztietako omenaldi eta ospakizunak egiteko dantzarik aproposenean bihurtu da: ezkontzak, inaugurazioak, kongresuak, ekitaldi politikoak etab. Horregatik, nazioartean euskal kultura tradizionalaren adierazpidenik garrantzitsuenetariko bat bihurtu da.

Dantza hau dantzari edo aurreskulari batek dantzatzen du, txistulari batek txistuaren eta danbolinaren bitartez egindako soinu hotsek girotzen duten bitartean. Era tradizionalean dantzatuta aurreskua lau zatik osatzen dute: Aurrez-aurrea (desafioa), Esku aldatzea, Zortzikoa (kontrapasa) eta Agurra. Dantzariak alkandora, praka eta alpargata zuriak eramaten ditu, txapela beltza eta gerriko berdearekin apainduta.

Egun dantzatzen den ohorezko aurreskuaren jatorria antzinako soka dantzatik datorkigu. Dantza modalitate hau soka dantza biribilean dantzatzen zen, elkarri eskua emanda edota zapiei eutsita «soka» bat osatuz. Gehienetan gizonezkoek egiten zuten dantza izan ohi zen. Aurreskua euskal lurraldearen historian gehien dantzatu den modalitatea izan da. Herriko jendeak dantzatzen zuen jai eta ospakizun handietan, baita diputatu eta alkateek ere. Jose Maria Gorordo Bilboko alkate ohia famatua bilakatu zen aurreskua dantzatzen.

Elkarren segidako hainbat pausuz osatutako dantza honetan garrantzia berezia zuten aurresku (aurreko esku) izeneko dantzariak eta, bigarrenik, azkeneko dantzariak, atzesku (atzeko esku) izena ematen zitzaiona.

Hasiera batean, inprobisatu egiten ziren dantza honen pausuak; geroxeago, urteak pasa ahala urratsak finkatu egin ziren eta gero eta konplexuagoak bihurtuz joan ziren, gaur egungo dantza ikusgarrira iritsi arte. Egungo aurreskua dantzatzeko dantzari berezitua izan behar da, sasoi onekoa eta entsegu luzeetan trebatutakoa

Urteak aurrera egin ahala, bakarlariak dantzatutako soka dantzaren zatiak dantza horretatik bananduz joan ziren. Indibidualki dantzatzen hasi zen, gaur egun aurresku bezala ezagutzen dugunera iritsi arte. Aurresku izena, beraz, dantzatzen duen lehen dantzariarengatik datorkio lehen dantzaria edo aurreskua (aurreko eskua) deritzonarengatik.

Temas

Euskera